Arnaldo Otegik espetxetik atera zenetik aurreneko agerraldia egingo du gaur, komunikabideen aurrean. Egin dizkioten harreretan hartu du hitza, eta hainbat mezu eman dizkie herritarrei; eta hedabide batzuekin banaka ere elkarrizketatu da, baina ez da inoiz jarri komunikabide saldoaren aurrean. Gaur goizean egingo du, EH Bilduk Bilbon egingo duen bileraren ostean.
Herritarrei entzuteko garaia zela esan zuen Otegik Anoetako belodromoan, espetxetik atera berritan. "Irabaztea" tokatzen dela azpimarratu zuen, Elgoibarreko aurreneko harreran egin bezala, baina horretarako borroka egin beharra dagoela ohartatazi zuen. "Estatu duin bat" eraikitzeko beharra nabarmendu, eta estrategia aldatu zutenetik lortutakoei balioa eman behar zaiela aldarrikatu zuen. Han ere zehaztu zituen Otegik, bere ustez, ezker abertzaleak dituen erronkak. "Eskaintza integral bat egitea da orain garrantzitsuena, modu kolektibo eta parte hartzailean", esan zuen. Gaur, EH Bilduko kideekin konpartituko ditu bere iritziak.
Rafa Diezek preso jarraitzen du Bateragune auziagatik.