EZBEHARRA

Hegazkin arin bat Arbizun erori, eta hiru pertsona hil dira istripuan

Nafarroako suhiltzaileen arabera, hegazti bat jo ondoren kontrola galdu du pilotuak. Portugaldik Okzitaniara zihoazen.

Arbizun erori da hegazkin arina. @BOMEROSNAVARRA
2016ko maiatzaren 20a
12:16
Entzun

Hiru pertsona hil ziren atzo arratsaldeko 18:10 aldera gertatutako ezbehar batean, Arbizun (Nafarroa). Coimbratik (Portugal) ateratako hegazkin arin batean Akizera (Okzitania, Frantzia) zihoazela, bidean hegazti bat jo zuten, Nafarroako suhiltzaileek baieztatu dutenez. Autobideko irteeratik ehun metro ingurura jausi zen airekoa, traktore baten gainera. Haur eskolatik gertu erori zen, baina ez zen herritarrik zauritu. Lekuko baten arabera, hegaztia putre bat izan daiteke.

Altsasuko eta Cordovillako (Nafarroa) suhiltzaileak, Guardia Zibila, Foruzaingoa, inguruko guardiako medikuak, eta osasun arretarako helikoptero eta anbulantzia bat bertaratu ziren, baina bidaiariak istripuaren unean bertan hil ziren. Gizonezko bat eta emakume bat zihoazen hegazkinean. Guardia Zibila ari da ezbeharraren xehetasunak ikertzen, baina, Arbizuko herritar batek baieztatu duenez, putre bat jo ondoren jausi zen hegazkin arina. Herrian inor zauritu ez arren, aztoramendu handia eragin zuen gertaerak: hamar pertsona nerbio krisiagatik artatu behar izan zituzten.

Antzeko ezbehar gehiago

Euskal Herrian antzeko beste kasu batzuk ere izan dira azken urteotan. 2010ean, esaterako, Baztanen (Nafarroa) eroritako hegazkin arin batean hiru gizonezko hil ziren. Laino itxiagatik Otsondoko mendi magal bat jo zuten, Afrikarako dirua lortzeko rally batean parte hartzen ari zirela.

Hurrengo urtean, Amurrion (Araba) gertatu zen ezbeharra. Kasu horretan, pilotu irakasle bat eta haren ikasle bat hil ziren. Ohiko ariketa bat egiten ari ziren hegazkinaren motorrak huts egin zienean; horren ondorioz, larrialdiko lurreratzea egin behar izan zuten. Ikaslea larri zauritu bazen ere, handik gutxira hil zen. Loiuko aireportutik abiatu ziren, eta Amurrioko baserri baten ondoan jausi zen hegazkina.

2013an, berriz, bi gizonezko hil ziren, Milagron (Nafarroa), Sesmako aerodromotik ateratako ultraarin batean zebiltzala. Arbizuko kasuan bezala, putre bat gainera erori zitzaien, eta, kolpearen ondorioz, bi bidaiariak hantxe hil ziren. Putreen erasoen inguruko kexa ugari zabaldu dira azkenaldian, baina, adituen arabera, horrelako kasuak oso noizbehinka gertatzen dira. Halako jazoeren harira egindako adierazpenetan azaldu izan ohi dute hegazkin arinen ezbehar gehienak gizakien hutsegiteen ondorioz gertatzen direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.