HEGAZTI GRIPEA. Ezjakin hutsak izaten jarraitzen dugu

JARDUNALDIAK. Gaitzari buruz beldur handia dagoela eta oraindik deus gutxi dakigula esan dute Derion Italiako eta Herbehereetako adituek

ASIER ITURRIAGAETXEBARRIA - DERIO@:
2006ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
asier iturriagaetxebarria - DERIO@:Hegazti gripeari buruz ez dakigu ezer. Hori dela-eta, denbora behar da ikertzaileek gaixotasunari buruz zerbait gehiago jakiteko, eta gerorako neurriak hartzeko. Hau da, gaur egun pandemiari buruz gizartean zabalduta dagoen beldurra gehiegizkoa da. Horixe azaldu zuten Mario Castello Italiako albaitariak eta Phin te Winkle Herbehereetako albaitariak. Italian zein Herbehereetan azken urteetan izan dituzte hegazti gripe kasuak, eta bi albaitariek eskarmentua dute horrelako egoeratan.

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailak gonbidatuta, hitzaldia eskaini zuten Mendikoi nekazaritza eskolak Derion (Bizkaia) daukan egoitzan. Castello izan zen argien mintzatu zena: «Nork ziurta dezake birusa ez dela gizaki batetik bestera igarotzen? Inork ez, ezta? Beraz, ikertzaileek denbora behar dute, gizarteak jakin dezan zer gertatzen ari den».Hegazti gripearen inguruan ziurtasunik ez egonik, aukera bi gelditzen direla azaldu zuen Castellok: gizartea lasaitzeko mezua zabaldu, edo kontrakoa. «Gaiztoa izango naiz. 1918. urteko gripeak Espainiako gripea deitua, eta milioika gizaki hil zituena hegazti gripean zuela jatorria esan zuen Tautenberger doktoreak aurreko mendean. Gaur egungo gripeak mutazio hori egingo al du? Inork ez daki hori. Baina gauza bat argi dago. Espainiako gripeak gizakiak hil baino lehenago, gaur egungo hegazti gripea bezalako sintomekin hil ziren milioika hegazti Italian». Pandemiaren izuaren mezua zabaldu bazuen ere, hori ez dela bide egokia aipatu zuen albaitariak. Zehaztu zuenez, Italian ez zen gizaki bakar bat ere kutsatu, gaixotutako hegaztiekin ibili ziren pertsonak ere ez. «Jendeak pandemiaren beldur handia du, baina beste gauza askoren beldur ere bada. Nire ustez, ez dago arrazoirik hainbesteko beldurra izateko». Adibide bat jarri zuen horretarako: «Egin kontu. Nik beldurrik gabe jango nuke oraintxe bertan Txinatik ekarritako oilasko bat». Castellok azpimarratu zuenez, gaixotutako hegaztiekin harreman zuzena duten pertsonak bakarrik daude arriskua dutenen artean.Baina pandemia beldur horiek gainetik kentzeko eta gaixotasuna nola kutsatzen den jakiteko, epidemiologo onen falta sumatzen duela nabarmendu zuen. Ez bakarrik gaitza gizakietara nola igarotzen den ziurtasunez jakiteko, hegaztien artean nola kutsatzen den jakiteko ere bai. «Ni nahiko ziur nago basa hegaztien migrazioaren bitartez zabaldu dela gaitza munduan, baina norbaitek ezetz ere erantzun diezadake».

Euskal Herriak arrisku gutxi duela esan dute

Winkle bat etorri zen Castellorekin, eta hegazti migratzaileek gaitza zabaltzen dutela azaldu zuen. Era berean, hegazti abeletxe batetik besterako distantziak txikiak badira, birusa haizearen bitartez ere zabal daitekeela aipatu zuen. Bi ezaugarri horiek kontuan hartuta, Euskal Herrian Italian edo Herbeheretan izandako arazoak ziurrenik ez direla izango aurreratu zuen Castellok. «Hemen abeletxe gutxi dituzue eta bertan bildutako hegaztiak ere ez dira asko. Gainera,etxaldeak ez daude bata bestearen ondoan. Hemen dauden ezaugarriengatik lasai egon zaitezkete».

Italian arazo latza izan zuten hegazti gripearekin. 1999-2000. urteetan, 100 milioi hegazti hil ziren edo hil egin behar izan zituzten, gero hobietan sartzeko. Lonbardia eta Venezia inguruak oilasko gabe geratu ziren, inolako sintomarik ez zuten oilasko asko eta asko ere hil zituztelako. «Arazoarekin amaitu zuten, baina hegaztiekin ere amaitu zutelako».Herbehereetan 2003. urtean hasi ziren arazoak. Aste bat behar izan zuten gaitza zerk eragindakoa zen jakiteko. «Denbora asko galdu genuen, eta horrek gero egin beharreko lana zaildu zuen», esan zuen Winklek. Aste bat nahikoa izan zen gaitza Alemania mugara eta Belgikara zabaltzeko. 255 kasu agertu ziren, eta 30 milioi oilasko hil zituztez, gaitzak iraun zuen bi hilabete luzeetan. Baina Italia eta Herbehereen artean bada alde nabarmen bat. Italian ez zen gizakirik hil prozesuan. Herbehereetan bai. Abeletxeetan gaitzaren jatorria zein izan zen aztertzen ibilitako teknikari bat izan zen hildakoa. Era berean, gaixotutako oilaskoekin ibilitako teknikari askok konjuntibitisa izan zuten. «Gainera, konjuntibitis gaitz hori beren familiartekoei kutsau zieten teknikariek».Castellok bezala, gaitzari buruz ezer gutxi dakigula azpimarratu zuen, baina arazoren bat dagoenerako hauxe gomendatu zuen: «Aldez aurreko lanak ondo eginda egon behar du. Prestakuntza da gakoa».

TXERTOA



Gizakientzako txertoa laster izango da



Mauro Castello Italiako albaitariak esan zuenez, AEBetako ikertzaile talde batek aurkitu du gizakientzako txertoa hegazti gripea saihesteko. «Azkeneko probak egiten ari direla uste dut, baina laster egongo da merkatuan, eta hori oso albiste ona da». Castellok bezala, Phil te Winkle Herbehereetako albaitariak ere luze hitz egin zuen txertoei buruz. Oro har, merkatuan daudenak oso eraginkorrak ez direla esan zuen. Hegaztientzako txertoei buruz, ordea, guztiei ematea komeni dela adierazi zuen, batez ere gaitza kontrolatuta izateko. «Baina horrek merkataritza interesekin talka egiten du. Herrialde batek erabakitzen badu txertoa orokorrean ematea ezin du hegaztirik saldu atzerrira». Hori dela-eta, abeletxeetako ugazabek txertoak ez dituzte gogoko .

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.