Berotegiefektua eta klima aldaketa eragiten duten gasen isurketa gutxitzeko --CO2arena nagusiki, baina baita CH4, N20, HFC, PFC eta SF6 gasena, besteak beste-- sinatu zuten munduko dozenaka gobernuk Kyotoko Hitzarmena 1997an. Itunaren helburua da 1990ean izandako zuzeneko isurtze kopurua munduan %5,2 jaistea 2008-2012. urteetarako. Europako Batasunekoestatuen arteko banaketa egin zuen, eta estatu espainiarrari %15eko isurketa igoera baimendu zion epe horretarako. Hori da, beraz, Hego Euskal Herriari errespetatzea dagokion kopurua.
Baina oso urruti gaude horretatik, gero eta urrutiago. Administrazioetatik hartutako datuen arabera, 2005ean 1990ean baino %48 CO2 gehiago isuri zuen atmosferara Hego Euskal Herriak. 19 milioi tona inguru isuri zituen 1990ean, eta 28,5 milioi tona 2005ean. Ipar Euskal Herriko daturik ez dago. Baiona-Angelu-Miarritze hiri barrutiak agindu du aurten egingo duela azterketa bat gaiaren inguruan.
Gainera, administrazioek dituzten planei erreparatuz gero, kutsadura handitzen jarraitzea baino ezin da espero. Nafarroan, esaterako,Gobernuak egin berri duen Energia Planaren zirriborroak gutxienez %90eko isurketa igoera aurreikusten du 2010. urteari begira. Besteak beste, Castejongo zentral termikoen tamaina bikoiztea da asmoa, 400 megawattetik 800era; gaur egun herrialde horretan C02 isurtzaile handienak horiek dira. Hala, asmo horrekin aurrera eginez gero,2010ean bi zentral horiek bakarrik hiru milioi tona CO2 isuriko dituzte, alegia, 1990ean Nafarroa osoanisurtzen zena baino gehiago. Eusko Jaurlaritzak dio oraindik «garaiz» dagoela Kyotoko helburuak betetzeko.
«POSIBLEDA». Klima aldaketaren arazoari aurre egiteko, Klima Aldaketaren Aurkako Bulegoa sortu du Eusko Jaurlaritzak. Bulegoko zuzendari Xabier Cañok BERRIAri adierazi dionez, oraindik posibleda Kyotoko protokoloa betetzea. «Ingurumen Sailarentzat lehentasunezkoa da. Gutxienez %15eko mugara heldu behar dugu, eta ea haratago joan gaitezkeen. Horretarako, hainbat plan ditugu martxan, garraioaren eta energiaren alorretan.Horiek emaitzak izango dituzte, eta uste dut iritsiko garela».
Izan ere, onartu du energiaren alorreaneta garraioan daudela daturik «kezkagarrienak». «Egia da azken urteotan ziklo konbinatuko hainbat zentral zabaldu direla, baina, nire ustez, arazoa da lehendik martxan ziren asko ez direla itxi; adibidez, Santurtzi eta Pasaiakoak. Horiek ixtea da gure lehentasunezko helburua».
Horiek ez ezik, Muskizko findegia, Zierbenako, Zornotzako, Castejongo eta Santurtziko ziklo konbinatuko zentralak edota Bilbo, Arrigorriaga, Donostia eta Olaztiko porlan fabrikak dira Hego Euskal Herriko CO2 isurtzaile handienak. Dagoeneko aztertzen ari dira Lantaronen (Araba) tamaina handiko ziklo konbinatuko beste zentral bat egitea,800 megawattekoa (Castejongoek 400 dituzte, esate baterako).
Kyotoko protokoloa betetzea, ordea, ez zaio iruditzen ordezkari politikoen zeregina bakarrik. Haren irudiko, herritarrek ere badute ardurarik horretan. «Administrazioa alde batetik, eta herritarrak bestetik, baina bakoitzak bere erantzukizuna du, eta modu horretan ez badugu aurrera egiten, ez dugu helburua lortuko. Izan ere, ongizate gizartearen bizimolde batzuk aldatu behar dira, eta horiek Administrazioak bakarrik ezin ditu aldatu». Auto partikularra erabiltzea, esaterako, norbere esku dagoela dio. «Uste dut herritarrek eurek asko jarri behar dutela euren aldetik. Klima aldaketari aurre egiteko, elkarlana behar da».
«DATUEK DENA ESATEN DUTE». Alfredo Rueda Ekologistak Martxan erakundeko ordezkariak dioenez, «datuek dena esaten dute, alegia Kyoto ez betetzeko lehia horretako Europako txapeldunak garela. Ez du deusetarako balio esateak onartu egiten dugula Kyotoko Ituna baldin eta ez badugu deus egiten betetzeko».
Ordezkari politikoen «hipokrisia» gaitzetsi du: «Kyotoko Ituna beteko dutela diote, baina datuei eta dauden asmoei erraparatuta, guztiz ezinezkoa da. Ez dakit zer den okerragoa, Bushek egitenduena --ez duela beteko esan-- edo hemengoek egiten dutena --beteko dutela esan, eta ez bete--».
Nafarroako Energia Plana aipatu du, adibide moduan, Ruedak: «Gobernuak onartu du %89handituko dituela isurketak 2010era begira. Alegia, onartzen ari da ez duela Kyotoko Ituna beteko». Eta, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiaren kasuan, antzekoa gertatuko dela iruditzen zaio. «Errauste plantak, ziklo konbinatukoak, autobideak, abiadura handiko trena, aireportuak... Hor ere erraz gaindituko dira isurtze mugak. Ez dago politika publiko bakar bat ere egungo eredua aldatzearen aldeko benetako apustua egiten duenik».
Ruedak uste du erantzukizuna ezin zaiela herritarrei leporatu: «Herritarrari ezin diozu esan berak ere ardura duela. Ezin diozu esan autoa edo berogailua gutxiago erabil dezan. Jakina, zer nahi dute politikariek horrekin? Bada ardura denona eta inorena ez delako mezua zabaldu. Baina ez gaitezen engaina. Administrazioa da Kyoto protokolotik gero eta urrutiago egoteko oinarriak jartzen ari dena».
Ruedaren irudiko, geratu egin behar da gauregun indarrean den garapen eredua. «Baina ez naiz baikorra. Bakarrik klima aldaketaren ondorioak gaur egun baino bortitzagoak direnean hasiko da norbait kezkatzen eta gauzak beste era batera egiten».
KOSTU EKONOMIKOAK. Berotegi efektua eragiten duten gasen isurketak handitzen jarraitzeak ez ditu ondorioak klima aldaketan bakarrik izango. Ekonomian ere ondorio kaltegarriak izango ditu.
ICCF Kapitalaren Sortzeari buruzko Nazioarteko Kontseiluak erakundeak azterketa bat egin du gaia aztertzeko, eta ondorioa hauxe da: Espainiak 611.000 lanpostu galduko ditu, eta 2010eko Barne Produktu Gordina %3murriztuko dio. Jose Luis Garcia Espainiako Greenpeaceko Klima Aldaketaren Bulegoko arduraduna ere bat dator horrekin, alegia, Kyotoko Itunaez betetzea oso garesti aterako zaigula. «Izan ere, batzuei ahaztu zaiela badirudi ere, Kyotoko Ituna betetzea derrigorrezkoa da. Eta epea iristen denean, ituna bete duten herrialdeek exijituko dute bete ez duten haiek ordain dezatela dagokien kopurua. Gure kasuan, zati bat estatuak ordainduko du, eta bestea enpresa isurtzaileak».
Garciak oso gogor kritikatu du Hego Euskal Herriko ordezkari politikoen jarrera: «Ez dakit kontzienteak diren edo ez. Kasik nahiago nuke ez izatea, zeren politika hauen ondorioak argiak dira, eta ikerketa zientifikoak mahai gainean daude».
Garciak garbi du: egoeraren arduradun nagusia da bi gobernu autonomikoen energia politika. «Bi gobernuek zentral termikoen aldeegin duten apustua oso larria da. EAEren kasuan, aspalditik dator, baina Nafarroaren kasuan, Castejongo zentralek bertan behera utzi dute urteetan energia berriztagarrien alde egindako lan eredugarri eta serioa».
Garciak adierazi duenez, bi gobernuen jarrera «guztiz arduragabea» da, eta galdera hau jarri du mahai gainean: «Zer gertatuko litzateke Txina edo India haiek bezain modu arduragabean jokatuko balute? Bada, hondamendi itzela izango genukeela munduan. Eskerrak bi herrialde horietako gobernuak modu serioagoan ari diren lanean». Eta ez haiek bakarrik, Europako herrialde batzuetan ere Kyotoko Ituneko helburuetatik gertuago daude Euskal Herrian baino, Garciak dioenez; adibidez, Alemanian, Frantzian edo Erresuma Batuan.
Greenpeaceko ordezkariak gogor kritikatu ditu iazko abenduan Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak gai honi buruz emandako datuak. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak esanzuen gaur egun %24 C02 gehiago isurtzen dela airera Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian.
Xabier Cañok azaldu du zergatik egin zuten hori: «Metodologia bikoitza erabiltzen dugu. Isurketa zuzenak hartzen ditu kontuan batak, eta guztira egindakoak besteak. Isurketa zuzenei dagokienez, egia da 1990ean baino %45 gehiago isurtzen direla egun. Baina guztirakoak kontuan hartuz gero, %24. Zergatik? Bada, 1990ean hemen kontsumitzen genuen energiaren zati handi bat kanpotik ekartzen genuelako. Eta, jakina, hori ez zen kontuan hartzen, baina kutsadura horren erantzukizuna ere gurea da».
«Ez manipulatzeko» eskatu du Greenpeaceko ordezkariak. «Hori onartezina eta gezurra da. Kyotoko Ituna berretsi behar zenean, Danimarka gauza bera egiten saiatu zen, eta EBko gainerako herrialdeek ez zuten onartu. Kyotoko Itunaa argia da horretan, eta isurketa zuzenak aipatzen ditu. Bakoitzak berea hartu behar du bere gain».
«Hainbat plan ditugu martxan, eta horiek betez gero uste dut iritsiko garela Kyotoko Ituna betetzera»
XABIER CAÑO
EAE-ko klima aldaketaren aurkakobulegoko zuzendaria
«Datuek dena esaten dute: Kyotoko Ituna ez betetzeko lehia horretako Europako txapeldunak gara»
alfredo rueda
ekologistak martxan-eko kidea
«Kyotoko Ituna betetzen dutenek exijituko dute bete ez duten haiek ordaintzea dagokien diru kopurua»
jose luis garcia
Greenpeaceko kidea
Hego Euskal Herriak 1990ean baino %50 CO2 gehiago bota zuen airera 2005ean
Ekologistek ordezkari politikoak kritikatu dituzte, eta Jaurlaritzak uste du Kyotoko Ituna bete dezakeela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu