Hego Euskal Herrian 265 hildako eta 6.242 kasu baieztatu dituzte

Atzo eta gaur erregistratu dira orain arteko hazkunderik handienak. Sendatutakoak 884 dira. Eusko Jaurlaritzak esan du berma dezakeela Osakidetzako langileen osasuna.

Bilboko Albia parkeko bankuak, prezintatuta. Bizkaia da kutsatu gehien dituen herrialdea. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2020ko martxoaren 27a
13:38
Entzun

Hego Euskal Herrian, atzo erregistratu zen orain arteko hazkunderik handiena baieztatutako koronabirus kasuetan, eta gaur ia parekoa izan da: 885 kasu berri baieztatu ditu Espainiako Osasun ministerioak —889 izan ziren atzo—. Guztira, 6.242 laguni atzeman diote koronabirusa.

Lurraldeka, Bizkaia da kutsatu gehien dituen herrialdea (2.186). Nafarroak, berriz, gaur gainditu du Araba; 1.641 kasu baieztatu dituzte Nafarroan, eta 1.610 Araban, koronabirusak Euskal Herrian izan zuen lehen epizentroan. Gipuzkoan 805 lagun daude kutsatuta.

Ipar Euskal Herrian, Euskal Irratien arabera, 21 dira Baionako ospitalean koronabirusa duten eriak. Horietarik 7 suspertze zerbitzuan daude, egoera larriagoan.

Euskal Herrian COVID-19aren eraginez hildako pertsonak, berriz, 266 dira guztira; horietako 36, azken zenbaketan baieztatutakoak. 2.319 pertsona daude ospitaleratuta, eta sendatutakoak 884 dira jada.

Eusko Jaurlaritzak egunero egiten duen agerraldian Mikel Sanchez Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak hartu du hitza gaur. Azaldu du, oraingoz, pandemia «ospitaleetan kudeatzeko gai» izaten ari direla, eta probak «oraingo erritmo berean egiten» jarrai dezaketela. Azken egunetan osasun langileek salatu duten baliabide faltari buruz, esan du «milaka maskara» jaso dituztela, eta berma dezaketela haien osasuna. Itxaropenerako mezua ere zabaldu du: «Gaixotasuna aurrera egiten ari da, baina sendatzen ari diren pertsonak ere geroz eta gehiago dira».

Dena den, gehitu du gune berriak moldatzen ari direla egoera kontrolpean izateko, «beharren arabera eskuragarri izateko». Adibidez, Gasteizko Lakua hotela prest dago jada gaixoak jasotzeko. Gaur goizean izan dira han Osakidetzako ordezkariak, beharginei gaixoak iristean nola jokatu azaltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.