Migrazioak

Hego Euskal Herrian 5.535 pertsonak eskatu dute asiloa 2019an

2018an baino hiru aldiz jende gehiagok egin du asilo eskaera. 3.395ek Bizkaian egin dute; 891k ,Araban; 709k, Nafarroan, eta 540k, Gipuzkoan

Errefuxiatuak Grezian, artxiboko irudi batean. ORESTIS PANAGIOTOU / EFE
Irati Urdalleta Lete.
2020ko otsailaren 5a
07:07
Entzun

Urtebetean hirukoiztu egin dira asilo eskaerak Hego Euskal Herrian. Hain zuzen, 2018an 324 asilo eskari egin ziren Nafarroan, eta 1595 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Beraz, 2019an aurreko urtean baino 3.616 asilo eskari gehiago egin ziren Hego Euskal Herrian. Iaz egindako asilo eskaeretatik ia erdiak (2.328) artatu zituen CEAR-Euskadi taldeak.

Eskaera egiten dutenen nazionalitateari dagokionez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hurrenkerari jarraituz, Venezuelakoak, Nikaraguakoak, Kolonbiakoak, Honduraskoak eta Georgiakoak dira gehienak. CEAR-Euskaditik nabarmendu dute, artatzen dituzten gehienek 18 eta 35 urte artean dituztela, eta erdia emakumeak eta beste erdia gizonak direla.

Espainia mailako joera ere nahiko antzekoa izan da. 2019an 118.264 pertsonek eskatu zuten asiloa, aurreko urteko bikoitzak baino gehiagok. Nazionalitateari dagokionez, Venezuelakoak dira gehienak (40.906), eta horien atzetik daude Kolonbiakoak (29.363), Honduraskoak (6.792), Nikaraguakoak (5.931) eta El Salvadorrekoak (4.754).

Horien artean, gizonak dira %55 (64.541) eta emakumeak %45 (53.723). Adinari erreparatuz, berriz, asilo eskaera egin dutenen %20 (22.373) adin txikikoak dira, eta gehienak (59.311) 18 eta 34 urte artekoak dira.

Dagoeneko erantzun diete iaz jasotako 60.198 eskaerari. Horietatik %66ri (39.776) giza arrazoiengatik babesa eman diete. Hau da, denbora batean Espainian bizitzeko baimena izango  dute. 1.653ri Errefuxiatuen Estatutua onartu zaie, 1.503k babes subsidiarioa eskuratu dute –jatorrizko lurraldera itzuliz gero, ondorio larriak jasan ditzaketenei ematen zaie– eta 3.156ri nazioarteko babesa eman diete –Errefuxiatuen Estatutua eta babes subsidiarioa barnebiltzen ditu–. Aldiz, Espainiak eskaeren %29 (17.266) baztertu egin ditu.

Aipagarria da asiloa onartzerakoan alde handia dagoela eskatzen duenaren nazionalitatearen arabera. Bereziki nabarmentzekoa da Venezuelako kasua. Izan ere, 39.715 asilo eskaera onartu dituzte, eta 205 baztertu. Beste muturrean dago, esaterako, Kolonbia. Izan ere, 58 babes eskaera onartu dizkiete, eta 5.168 ukatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.