Adingabeak ezingo dira gurasoen eta Poliziaren baimenik gabe mugitu Euskal Herrian. Ez, behintzat, Hegoaldekoak; ezingo dira Iparraldera joan hori baimentzen dien agiri ofizialik gabe, bakarrik edo taldean, gurasoekin ez bada. Igandean sartuko da indarrean horretara behartuko dituen zuzentaraua, Espainiako Estatu Segurtasun Idazkaritzaren 10/2019a.
Horren arabera, 18 urte baino gutxiago duten Espainiako Estatuko herritarrek, Espainiako mugetatik kanpo ateratzeko, gurasoek sinatutako eta Ertzaintzak, Foruzaingoak, Espainiako Poliziak ala Guardia Zibilak zigilatutako baimen bat eraman beharko dute, Espainiako nortasun agiriarekin edo pasaportearekin batera —orain arte, horietako bat eraman behar zuten, eta, pasaportea eramanez gero, ez zuten agiri berezi horren beharrik; orain, denek eraman beharko dute—.
Orri horretan informazio hau azalduko da: gazteen eta gurasoen edota laguntzaileen datuak, eta bidaiaren datak. Agiria egiteko, gutxienez gurasoetako edo legezko tutoreetako batek Hegoaldeko lau Polizietako batera joan beharko du; han, identitatea egiaztatu ahal izateko, indarrean dagoen nortasun agiri bat aurkeztu beharko du (NA edo pasaportea), eta adingabearen filiazioa eta guraso ahala egiaztatzen duen dokumentu bat (NA, pasaportea, familia liburua). Adingabe atzerritarren kasuan, haien legezko ordezkariek kontsulatuetan osatu beharko dute dokumentazioa.