Aire zabalean dauden Hego Euskal Herriko estadioetan gehienezko edukiera %40 izango da abuztuan, eta kopuru hori %30era murriztuko da estalita dauden estadioen kasuan.
Espainiako Osasun Sistemako Lurralde Arteko Kontseiluan adostu dute neurria, eta hilaren 13tik aurrera izango da indarrean, Espainiako futbol ligaren hasierarekin batera. Neurria abuztuaren 29ra arte mantenduko dute. Egun horretan, ehuneko horiek aldatu edo bere horretan mantentzea erabaki beharko dute, bilkura berri batean.
Bitartean, ikusleei debekatuko zaie estadioetan jatea eta erretzea, eta ura besterik ezingo dute edan. Maskara eraman beharko dute, eta metro eta erdiko tartea mantendu beharko dute.