Urtero legez, hizkuntza politikaren arloko lankidetza Protokoloaren Jarraipen Batzordeak bilera egin du. Bertan parte hartu dute EAEko, Nafarroako, Galiziako, Kataluniako, Balear Uharteetako eta Valentziako gobernuetako ordezkariek. Helburutzat beren komunitateetako hizkuntza politiketarako interesgarriak diren hainbat gai jorratzea izan da, baita beren hizkuntzak sustatzeko ekintzak diseinatzea eta koordinatzea ere. Adierazpen bat adostu dute guztien artean, «hizkuntza politika eraginkor baten alde lanean jarraitzeko konpromisoa» azpimarratuz, «akordioa eta hizkuntz bizikidetza» oinarri hartuta.
Gai zehatzagoak lantzeko ere baliatu dute bilera: Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren aplikazioaren hurrengo jarraipen-txostena; zinpeko itzultzaileak zuzenean gaitzea edo Espainiako Gobernuko Lurralde Politikako eta Hizkuntzen Bulegoko Ministeriora itzultzeko eskaerak; Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sarea; Hizkuntzaren teknologiak eta Europako beste proiektu batzuk; Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren Arkimedes Sariak; Guadi Galego abeslari galiziarrari ematea Estatuaren Errealitate Eleanitza Sustatzeko Saria, Inmersion izeneko lanarengatik, non Iberiar penintsulako zazpi hizkuntzetan (galiziera, euskara, katalana, aranera, asturiera, portugesa eta gaztelania) abestu duen; eta 2020rako lan plana.
Ekitaldi berean, Bilboko Adierazpena plazaratu dute, eta gogorarazi dute «eleaniztasunaren, elkarrekiko errespetuaren eta ahultasun handiena duten hizkuntzen aldeko ekintza irmoaren ikuspegia partekatzen» dutela. «Berezko hizkuntzak ditugun gobernu autonomikoek, sentsibilitate eta aukera politiko desberdinetatik abiatuta lan egiten dugu, eta errealitate oso desberdinetan jarduten dugu, baina aniztasun horrek ez digu inolako oztoporik jartzen arazoak antzemateko eta konponbiderako proposamenak elkarrekin », nabarmendu dute. Gaineratu dute sinesten dutela hizkuntzen eta hiztunen arteko bizikidetzan, elkar ezagutzan eta aitortzean, baita elkar aberastean ere, «demokrazia sakonenaren isla» direlako.
2007tik elkarlanean
2007an, Eusko Jaurlaritzak, Kataluniako Generalitateak eta Galiziako Xuntak hizkuntza politikaren arloko lankidetza protokolo orokorra sinatu zuten. Ondoren batu zitzaien Balear Uharteetako Gobernua eta, 2017an, Valentziako Generalitatea eta Nafarroako Gobernua. «Hizkuntza propioa duten eta ofizialtasun-estatusa duten autonomia-erkidego guztien lehen lankidetza-esparrua da, dagozkien autonomia-estatutuetan ezarritakoaren arabera», azaldu dute.
Protokoloak esparru orokor bat eta metodologia bat finkatzen ditu komunikazioaren arloan elkarrekiko lankidetza garatzeko, bilakaera soziolinguistikoaren jarraipena egiteko azterketa eta ikerketei buruzko informazioa trukatzeko, argitalpen elektronikoak zabaltzeko, hizkuntza-eskubideen arloan emandako urratsak zabaltzeko eta hizkuntza planak ezartzeko esperientzietarako.
Espainiako Administrazioa eta Europako Batasunean hizkuntza ofizialak erabiltzeari eta babesteari dagokionez, sustatuko da horiek ezarritako neurrien eta beraien ekintzen bidez, gaztelania ez diren beste hizkuntza ofizialak erabiltzea ahalbidetzea. Gainera, arlo sozioekonomikoa, irakaskuntza, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, hizkuntzaren erabilera soziala edo nazioartean zabaltzea ere kontuan hartu dira.