Koronabirusa

Hego Euskal Herriko herritarren %4,3k izan dute COVID-19a

Irati Urdalleta Lete.
2020ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko biztanleen %4,3ri erasan die COVID-19ak. Atzo eman zituzten Espainiako Gobernuaren eta Karlos III.a Institutuaren seroprebalentzia azterketaren emaitzak —egindako hirugarren azterketa izan da—, eta ez dira asko aldatu ekainaren hasieran eta maiatzaren erdialdera eman zituztenen aldean: Hegoaldeko herritarren %4,4 kutsatu zirela iragarri zuten lehen aldian, eta %4,3 zirela esan zuten bigarren aldiz egindakoan. Lurraldekako datuei begiratuz gero, herritarren %6,6 kutsatu dira Nafarroan; %6,4 Araban; %3,6 Bizkaian; eta %2,5 Gipuzkoan. Aurreko azterketako emaitzei erreparatuta, nafarren %6,3 kutsatu zela adierazi zuten; arabarren %6,2; bizkaitarren %3,8; eta gipuzkoarren %2,6.

Portzentajeak estrapolatuz gero, ia 124.000 pertsona kutsatu direla ondoriozta daiteke. Lurralde bakoitzari dagokionez, Nafarroan eta Bizkaian izan du eraginik handiena: 43.178 eta 41.495 pertsona kutsatu ditu, hurrenez hurren. Kopuruak txikiagoak dira Araban (21.219) eta Gipuzkoan (18.089). Dena den, lurralde denetan alde handia dago ofizialki jakinarazi dituzten datuekin konparatuta.

Hegoaldeko 4.811 herritarri egin dizkiete probak ekainaren 8tik 22ra, antigorputzak dituzten ala ez ikusteko. Lurraldearen arabera, Nafarroakoak dira 1.697, Bizkaikoak 1.277, Gipuzkoakoak 1.065 eta Arabakoak 772.

Antigorputzen galera

Beste aldagai interesgarri bat ere jaso dute: antigorputzen galera. Espainiako datuen arabera, lehen proban positibo eman zutenen %14,4k negatibo eman dute hirugarrenean. Galera gehienbat sintomarik izan ez dutenen artean gertatu da. Raquel Yotti Karlos III.a Institutuko zuzendariak azaldu duenez, antigorputzak ez atzemateak ez du esan nahi pertsona horiek ez daudela immunologikoki babestuta. Izan ere, test serologikoek antigorputzak atzematen dituzte, baina ez zelulen immunitatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.