ESPETXEAK

Hego Euskal Herriko presoek pixkanaka berrekingo diete komunikazioei eta irteteko baimenei

Espainiako Barne Ministerioaren arabera, helburua da kartzeletako neurriak ere gainontzeko esparruetan egiten ari den «normaltasunera itzultzeko prozesuaren» pare jartzea.

Martuteneko kartzela (Donostia), artxiboko irudi batean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Paulo Ostolaza.
2020ko maiatzaren 13a
13:58
Entzun

Espainiako Barne Ministerioak gaur iragarri duenez –hark du espetxeen ardura—, Hego Euskal Herriko eta Espainiako kartzeletako presoak komunikazioak eta irteteko baimenak berreskuratzen hasiko dira «pixkanaka». Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak igorri du espetxeetako neurriak malgutzeko agindua Espainiako Aldizkari Ofizialean (BOE), eta, bertan dioenez, helburua da kartzeletako neurriak gainontzeko esparruetan egiten ari den «normaltasunera itzultzeko prozesuaren» pare jartzea.

Barne Ministerioak erabakian dioenez, «osasun publikoa bermatzea» da neurriak malgutu edo gogortzeko hartuko duten erreferentzia. Hala, baimenduko dituzten jarduerak hauek dira: «Presoen ohiko komunikazioak, irteteko baimenak eta programatutako baimenak, betiere osasun zerbitzuen aholkuei jarraituz». Horrez gain, hirugarren graduan dauden edo erregimen malgua duten presoek martxoaren 14a baino lehen egiten zituzten jarduerak egiteko irteten hasi ahalko dira —egun hartan ezarri zen larrialdi egoera—. 

Aurrerantzean presoak lekualdatzea ere posible izango da, betiere epaileek hala eskatzen badute, osasun arrazoiengatik edo erregimen edo tratamenduagatik beharrezkoa bada. Espetxeetako ekintzei ere berrekingo diete presoek, hala nola hezkuntza, formakuntza, kirol, kultura eta erlijio jarduerei, horiek espetxe barruan egiteen baldin badira behintzat.

Garapenaren arabera

Azkenik, aginduak dio neurri horiek aldatu egin daitezkeela pandemiaren garapenaren arabera, bai espetxe bakoitzarentzat edo baita guztientzat ere. Hego Euskal Herriko lau kartzelak Zaballan (Araba), Basaurin (Bizkaia), Martutenen (Gipuzkoa) eta Iruñean daude.

Koronabirusaren pandemia hasi zenetik, hainbat izan dira Madrili preso eriak, haurdun daudenak eta 70 urtetik gorakoak aske uzteko eskatu dioten elkarteak. Komunikazio aldetik ere neurriak hartzeko exijitu zioten Barne Ministerioari: lehenbailehen berrekiteko senideek eta lagunek presoei bisitak egiteko aukerari, eta presoei doan jartzeko telefono eta bideo deiak. Halaber, elkarte haien arabera, bukatu egin behar zen espetxe barruko jardueren etena. Presoek bi hilabete itxaron behar izan dute jarduera horiek berreskuratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.