BERRIA sortu zeneko 10. urteurrena ospatzeko eta eskerrak emateko, Zertarako hegoak antzezlana estreinatuko du gaur Motrokoadroka taldeak Errenterian (Gipuzkoa), urteurrenaren ospakizun biraren barruan. BERRIAren urteurrenaren harira sortu dute lana taldeko kideek. "Egoera absurdo batetik abiatzen da Zertarako hegoak antzezlana", azaldu dute sortzaileek. Aurkikuntza harrigarri baten berri eman du egunkariak: pertsona normal orok ditu superbotereak. Aurkikuntza horrek arazo bakarra du: superbotere horiek ez dute ezertarako balio.
Pertsonaia bakoitza, orduan, naturak emaniko alferrikako superbotereekin zer egin pentsatzen hasiko da. Esaterako, Mirentxuk jakin nahiko du zer egin hegan egiteko balio ez duten hegoekin. Azken batean, ni eta gu ideien arteko jokoaren inguruko hausnarketa da, norbanakoentzat alferrikakoak diren ahalmenak, sekulako indarra hartzen dute, besteek dituztenekin lotuz gero. Talde eta auzolanaren inguruko metafora, alegia. Antzerkiaren mekanismo guztiak jendaurrean utziko dituzte agerian, agertoki biluzi batean. Oier Guillanek idatzi zuen hastapeneko testua, eta Ainhoa Alberdi, Iraia Elias, Amaia Corral, Iñigo Ortega eta Joseba Roldan aktoreek garatu zuten.
'ZERTARAKO HEGOAK'
Noiz. Gaur, 20:00etan.
Non. Errenteria Hiria Kulturgunean (Niessen), Errenterian.