Hegoaldean 204 kasu atzeman dituzte

Bizkaian izan dira positibo gehienak, 93; horietatik 22 Ermuan detektatu dituzte.

Gazte guztiei PCR probak egiten hasi ziren atzo Mendillorrin. JAGOBA MANTEROLA/FOKU
Olatz Esteban Ezkati.
2020ko uztailaren 23a
13:16
Entzun

Agerraldiak azaldu ahala, PCR proba masiboak ugaritu egin dira azken egunetan, kutsatze komunitarioak geratze aldera. Azken orduetan 5.135 proba egin dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 138 positibo atzeman dituzte. Gipuzkoako agerraldiak baretzen ari direla dirudi: 38 kasu detektatu dituzte, gehienak Eibarren: hamalau. Bizkaian, berriz, gora egin dute kasuek: 93 positibo atzeman dituzte. Ermuan izandako agerraldiarekin loturikoak dira 22, eta gehitu egin dira kasuak Bilbon: 37 izan dira azken orduetan. Araban sei kasu atzeman dituzte. Nafarroan 66 positibo atzeman dituztela adierazi du Santos Indurain Osasun sailburuak, baina Mendillorin egiten ari diren PCR proben emaitzak ikusteke daude oraindik.

Izan ere, oldarraldirik bortitzena Mendillorrin dago (Nafarroa) oraintxe. Ehunka kasu atzeman dituzte azken egunetan Iruñeko auzo horretan, gehienak gazteen artean. Ustez, uztailaren 11ko asteburuan Alde Zaharrean sortutako aisialdi giroan du sorburua agerraldiak. Atzo, PCR probak egiten hasi ziren auzoko 17 eta 28 urte bitarteko gazte guztiei, eta 2.000 probatik gora egitea aurreikusten du Nafarroako Gobernuko Osasun Sailak. Kasuen gorakadaren ondorioz, atzera egingo du auzoak, eta bigarren fasera itzuliko da.

Halaber, Indurainek irratsaio baterako eginiko elkarrizketan adierazi du une hauetan progresiboki hazten ari direla Mendillorriko agerraldiarekin loturiko kasuak, lehenengo egunetako bat-bateko igoeraren ostean. COVID-19aren proban positibo eman dutenen gehiengoa 17 eta 29 urte artekoa dela baieztatu du sailburuak.

Nekane Murga Jaurlaritzako osasu sailburuak adierazi du kutsatzeetariko asko familia ospakizunetan gertatu direla azken egunetan, eta familiarteko kutsatzeak ere ugaritu egin direla. Izan ere, eremu itxietan kutsatze arriskua handiagoa dela gogorarazi du sailburuak.

Astebete igaro da maskara erabiltzea derrigorrezkoa denetik Hegoaldean, gune irekietan zein itxietan, segurtasun tarteak mantenduta ere. Murgak nabarmendu du maskara beharrezkoa dela transmisio komunitariorik ez izateko, eta herritarren jokamoldea oro har "arduratsua" izan dela. Halaber, gogorarazi du segurtasun tarteak utzi ezin diren guztietan beharrezkoa dela maskara jantzita eramatea, baita hondartzan eta igerilekuetan ere.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.