Osakidetzak eta Osasunbideak koronabirusa detektatzeko 6.401 proba egin zituzten atzo, PCRak eta antigeno probak. Haietan beste 204 kasu detektatu zituzten, eta, ondorioz, positibo eman zuten proben tasa %3,2koa da.
Lurraldeka, positibo gehien Bizkaian atzeman zituzten: 102. Nafarroan 43 izan ziren, Gipuzkoan 31, eta Araban 26.
Ospitaleei dagokienez, hamazazpi lagun erietxeratu zituzten atzo Hego Euskal Herrian, eta 59 daude oraindik ZIU zaintza intentsiboetako unitateetan.
Atzo sartu ziren indarrean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurri berriak, aurreko arauen malgutzea ekarri dutenak. Orain, txoko eta elkarte gastronomikoak ireki daitezke, tabernen itxiera eta ekitaldien bukaera ordua 02:00etara atzeratu dute, dendetan eta merkataritza guneetan %60ko edukiera baimendu dute, eta aukera eman dute ikusleak kirol ekitaldietara joateko, betiere gehienezko kopuru batzuk errespetatuta.
Jaurlaritzak argitu du ume eta gaztetxoen aisialdi ekitaldiak hamar laguneko talde egonkorretan egingo direla, hezitzailea kontuan hartu gabe, eta aukeran aire zabalean antolatuko dituztela.