Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako informazioaren arabera, joan den igandera arte 33 lagun hil ziren astebetean, birusak jota. Hau da, martxoaren 15etik 21era arteko egunetan izandako heriotzen zenbatekoari dagokio datua, eta abuztutik Hegoaldean erregistratu den kopururik apalena da. Zehazki, abuztuaren 17tik 23ra arteko egunetan izan zen heriotza kopuru berbera, eta, hortik aurrera, kopurua beti izan da langa horretatik gorakoa.
Zehazki, azken astean Hego Euskal herrian birusarekin hildako 33tik sei Nafarroan zendu dira, eta gainerako 27ak, berriz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Birusaren transmisioari dagokionez, Osakidetzak eta Osasunbideak 14.905 proba egin zituzten atzo COVID-19a atzemateko, eta 681 kasu positibo detektatu zituzten guztira. Hala, atzo egindako testen %4,5ek eman zuten positibo Hego Euskal Herrian. Zehazki, Nafarroan %5,5 da positiboen ehunekoa, eta, aldiz, Osakidetzak egindako testetan %4,3 da. Egun bakarrean zenbatutako kasuak herrialdeka aztertuta, Bizkaian 256 kasu zenbatu zituzten atzo; Gipuzkoan 150, Nafarroan 171 eta Araban 99.
Ospitaleen egoerari dagokionez, Osakidetzak emandako datuen arabera, atzo beste 47 lagun erietxeratu zituzten gaitzarekin, eta oraintxe 81 pertsona daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetako ZIUetan larri.