Hegoaldean asiloa eskatu dutenak %40 ugaritu dira bost urteko epean

Asilo eskubidea krisian dagoela salatu du CEAR Euskadik, eta mugen kontrol politiken arriskuaz ohartarazi du

CEARen 2011ko txostenaren aurkezpena, atzo, Gasteizen. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Asilo politikoa eskatu duten pertsonen kopurua gora doa Hego Euskal Herrian. 2011. urtean 133 pertsonak eskatu zuten; horietatik 109 Bizkaian bizi dira, hamazazpi Nafarroan, lau Araban eta hiru Gipuzkoan. Datu horiek %40ko hazkundea esan nahi dutedute, 2006ko datuekin alderatuta. Ordutik etengabeko gorakada izan dute babes eskaerek, 2010ean izan ezik. Urte hartan, %33koa izan zen beherakada, baina iaz azken urteetako ildotik jo zuten berriro asilo eskaerek, CEAR Euskadiko Iheslariak Laguntzeko Batzordeak jakinarazi duenez.

Asilo eskubidea aldarrikatu zuten pertsona horietatik 112ri laguntza eman zien CEARek. Haietatik erdia baino gehiago Boli Kostatik, Kongoko Errepublika Demokratikotik eta Nigeriatik heldu ziren. Hain zuzen ere, Afrikan jaiotako biztanleek egin dituzte eskaerarik gehienak: 92. Asiako hamasei pertsonak egin dituzte asilo eskaerak, Amerikako bik eta Europako beste bik. Asiloa eskatu duten hamar pertsonatik zortzi 18 eta 35 urte bitartekoak dira.

Hego Euskal Herrian egindako eskaeren artetik, zazpik baino ez zuten aldeko ebazpena izan 2011. urtean. Asilo estatutua hiru pertsonari eman zioten: adingabe bat zaintzen zuen Angolako emakume bati, bi adingaberen ardura zuen Afganistango emakume bati, eta Kolonbiako gizon bati. Boli Kostako gizon bati babes subsidiarioa eskaini zioten. Asilo eskubidea Kolonbiako familia oso bati ere zabaldu zioten; horri esker, emakume bat eta bi adingabe babes horren pean geratu ziren.

Hego Euskal Herrian gertatu den hazkundea inguruko joeraren kontra doa. Espainiako datuen arabera, %65 jaitsi dira asilo eskaerak hamar urteko epean. 2001. urtean 9.490 eskaera jaso zituen Espainiako Gobernuak, eta iaz 3.414 eskaera jaso zituen. Babes eskaeren ia laurden bat onartu zituzten, ohi baino askoz gehiago. Ordea, datu horren atzean Espainiako eta Kubako gobernuen arteko akordio bat egon zela gogorarazi du CEARek: Kubako gobernuaren aurkako 390 preso kubatar Espainiara eraman ahal izateko egin zuten tratua. Horiek kenduta, onartutako asilo eskaeren datuak «inoizko apalenetakoak» izan direla azaldu dute.

Mugetako politikak

Espainiak jaso dituen eskaeren beherakadaren atzean migrazioak gelditzeko politikak daudela azaldu du CEARek. Herrialde industrializatuen mugak zaintzeko ardura muga fisikoetatik harago eraman dela azaldu du Rosabel Argotek, CEAR-Euskadiko Kultura Arteko Ekintzen arduradunak. «Europa gotortzen ari da, eta asilo eskubidea galarazten». Gogorarazi du udaberri arabiarradela-eta 1.500 pertsona hil direla Mediterraneoan, Europako kostaldera heldu ezinik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.