Ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk eta Alternatibak Hego Euskal Herrirako akordio estrategikoa aurkeztu dute gaur, Donostian, Miramar jauregian egindako ekitaldian. Lau eragileek eta ABk apirilaren 28an Irunen sinatutako estrategia nazionalerako konpromisoaren segida da, Hegoaldera begira egindakoa. Iparraldekoa udazkenean aurkeztuko dute, ABrekin batera.
Ekitaldian izan dira lau alderdietako ordezkariak, Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kidea, Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusia, Pello Urizar EAko idazkari nagusia eta Oskar Matute Alternatibako bozeramailea. Agiria irakurtzeaz arduratu dira Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko kidea eta Maiorga Ramirez Nafarroako EAko lehendakaria.
Akordioaren sinatzaileek jakinarazi dute kontuan hartzen dituztela "Hego Euskal Herriko esparru administratibo-politikoetako errealitate eta abiadura desberdinak", eta zehaztu dute aitortu egiten dutela "Nafarroari dagokion berezko nortasun politikoa". "Esparru estatutario-konstituzionala agortuta" dagoela iritzi diote.
Gaurkoa ere "indar bilketaren aldeko apustu sendo eta estrategikoa" dela esan dute ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk eta Alternatibak, "eraikuntza nazionala eta eraldaketa soziala bultzatzeko" asmoz, "bakean, askatasunean eta justizia sozialean oinarritutako Euskal Herria eraikitzeko".
Haien arabera, "Euskal Herriko ezkertiarren, aurrerakoien, independentisten eta subiranisten arteko akordio hau behar-beharrezkoa da, euskal herritarrok herri gisa gure etorkizuna noizbait erabaki dezagun, bakearen eta normalizazio politikoaren bideak urratuz. Halaber, euskal gatazka politikoaren ondorio guztiak kitatzea ere lehentasun dugu".
"Eredu ekonomiko bidezkoa eta ekologikoa" behar dela ere badiote. Euskal identitatearen ezaugarri nagusia euskara dela azpimarratu dute, eta Hego Euskal Herri osoan ofiziala behar duela izan.
Akordio politikoaren hamar ardatz nagusiak
- "Izaera estrategikoko akordioa.
- Elkartzen gaituenari lehentasuna eman.
- Euskal Herriaren burujabetzaren defentsa.
- Aldaketa sozialaren zerbitzurako burujabetza.
- Elkartasuna.
- Aniztasuna.
- Ekintza politiko eta sozialerako mugimendu zabalak sustatzea.
- Herrigintza.
- Proposamen askatzaile guztiak estrategia politikoetan txertatzea.
- Bake bideen eta bide politikoen aldeko apustua".