ekONOMIA

Hegoaldeko arlo publikoko milaka langilek greba egin dute gaur, UGTk eta CCOOk deituta

Euskadiko CCOOren arabera, Lakuan lanuztearen jarraipena %35ekoa izan da, Bizkaiko udaletxe handietan %40koa, hiru aldundietan %40koa, Justizian %55ekoa, Osakidetzan %25ekoa... Bi sindikatuek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan enpresa publikoetako langileei ere egin diete lanuzte deia. Gasteiz, Bilbo eta Donostia manifestazioak egin dituzte 12:00etan, Iruñean 19:00etanizango da, gobernuek onartutako murrizketekin ados ez daudela azaltzeko.

2010eko ekainaren 8a
17:55
Entzun
EAEko, Nafarroako eta Espainiako gobernuek azken asteotan iragarri eta onartutako neurriekin ados ez daudela adierazteko, Hego Euskal Herrian arlo publikoko 180.000 langile inguru egun osoko lanuztera deitu dituzte gaur, UGTk eta CCOOk -Espainiako Estaturako deialdia dute egina-, eta haietatik milaka ari dira lanuztea egiten.

Euskadiko CCOOk zabaldutako datuen arabera, Lakuan grebaren jarraipena %35ekoa izan da, EAEko hiru foru aldundietan %40koa, Espainiako Estatuaren administrazio guneetan %57koa, %40koa Bizkaiko udaletxe handi batzuetan (Bilbo, Barakaldo, Getxo, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Galdakao, Basauri edo Ermukoan) eta %30-35ekoa Gipuzkoako udaletxeetan, Correos postetxean %25ekoa, Aenan %55ekoa, portuetan %35ekoa, Osakidetzan %25ekoa, Bilboko Metroan %35ekoa, EuskoTrenen %40koa, %45ekoa Feven, Justizian %50-55ekoa.

Nafarroako Gobernuaren arabera, grebara deituta zeuden langileen %12,99k egin dute lanuztea. 969 langileetatik 109k, eta 130 gutxieneko zerbitzuak betetzen ari dira. Nafarroako CCOO, UGT eta deialdia egin duten gainerako sindikatuak "pozik" daude emaitzarekin, baina ez dute datu zehatzik eman. Conrado Muñoz UGTko ordezkariak nabarmendu nahi izan du Nafarroan grebak ez duela nahi bezainbesteko erantzunik izan, joan den maiatzaren 25ean sindikatu abertzaleek Hego Euskal Herrian deitu zuten grebarengatik.

Maiatzaren 25ean ere izan zen arlo publikoko greba deialdia, orduan ELA, LAB, ESK, EILAS eta Hiruk deituta. Euskal gehiengo sindikala osatzen duten haiek gustura geratu ziren jarraipenarekin.

Bada bi greba egunak bereizten dituen beste puntu bat: gaur Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ehundik gora enpresa publikotako 50.000 langile inguru ere deituak daude lanuztera, aurrekoan ez bezala.

Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak joan den astean jakinarazi zuen enpresa publikoetako langileei ere soldatak jaitsiko dizkietela, hezkuntzan, osasun arloan, administrazioan eta beste edozein jarduera publikotan aritzen direnei bezalaxe. CCOOk eta UGTk gogor kritikatu dute neurri hori, Espainiako Gobernuaren dekretuak aipatu ere egiten ez dituen beharginei kalte egiten dielako. Hori hala, deialdia zabaltzea eta enpresa publikoetako langileei ere protestarako aukera ematea erabaki dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.