AZPIEGITURAK. BIZKAIKO HEGOALDEKO SAIHESBIDEAREN PROIEKTUA

Hegoaldeko Saihesbidea egiteko lanak 2006. urtean hasiko dira

Bilbo parean «kolapsatuta» dagoen A-8 autobideko trafikoa arindu guran, Muskiz eta Galdakao lotuko dituen errepide berria egingo du Bizkaiko Diputazioak, 1.200 milioi euroko kostuarekin

Asier Iturriagaetxebarria.
BILBO
2003ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Bilbo inguruan A-8 autobideko trafikoa arintzeko egingo duten errepide berria aurkeztu zuen atzo Bizkaiko Diputazioak: Hegoaldeko Saihesbidea edo Supersur delakoa. Muskiz eta Galdakao lotuko ditu errepide berriak; hau da, 36 kilometroko luzera izango du, horietako erdiak tuneletan. Jose Luis Bilbao diputatu nagusiak agertu zuenez, «Bizkaian inoiz egin den errepide azpiegitura handiena izango da». Izan ere, 1.120 milioi euro beharko dira errepidea egiteko.

Baina errepide berria ez da izango Diputazioak egingo duen lan bakarra, Bilbo inguruko trafiko arazoak konpontzeko. Hegoaldeko Saihesbidea egiteko lanak hiru fasetan banatu ditu. Lehen fasea izango da garrantzitsuena eta garestiena, 650 milioi euroko aurrekontua izango duelako. Trapagaran eta Arrigorriaga lotuko ditu zati horrek. 14 kilometroko ibilbidea izango da, eta erdia tunelak izango dira. Diputazioaren asmoak betetzen badira, 2006. urtean hasiko dira lanak, eta 2010. urterako prest izan nahi dute errepide berria. Baina errepide hori egiteaz gainera, A-8 autobidea hobetzeko beste hainbat egingo dituzte. Hala, La Arena-Abanto zatian beste bide bat egingo dute, eta Portugalete eta Santurtziko Bilboko Portuko sarrerak hobetu.Bigarren fasean, Arrigorriaga eta Galdakaoko Kortederra auzoa lotzeko errepidea egingo dute. Lanak 2015. urtean has daitezkeela uste du Diputazioak. 11 kilometro izango ditu errepide zati horrek, eta 300 milioi euro beharko dira egiteko. Hirugarren fasea ere agertzen da proiektuan. Muskizko San Fuentes auzoa eta Trapagaran lotuko ditu. Dena dela, zati hori errepidean izango den ibilgailu kopuruaren arabera egingo dute.

Erabiltzeagatik ordaindu egin beharko da

Obra handia izanik, dirua behar du Bizkaiko Diputazioak. Finantzaketari aurre egiteko, hiru bide izango dira: Diputazioak berak emandako dirua, Europako Inbertsio Bankuari eskatuko dioten kreditua (kostuaren %55) eta gidariek errepidea erabiltzeagatik ordainduko dutena. Dena den, Eusebio Melero Herri Lan diputatuak ez zuen zehaztu nahi izan zenbat ordaindu beharko den erabiltzeagatik, «oraindik ez dakigulako zenbat ibilgailu ibiliko diren». Bestalde, 30 urtean ordainduko du obra Bizkaiko Diputazioak. «Guk, semeek eta beharbada gure bilobek ordainduko dute errepide berria», adierazi zuen Bizkaiko diputatu nagusiak.

Era berean, errepide berriak ekarriko dituen onurez jardun zuen Bilbaok. Besteak beste, gaur egun «kolapsatuta» dagoen A-8 autobidea arintzeko balioko duela azpimarratu zuen. «Ibilaldi luzeak egiten dituztenek eta kamioiek ez dute A-8 autobidearen Bilboko zatia erabiliko. Gainera, kamioiei debekatu egingo diegu A-8 autobidetik igarotzea, horrek izango duen eraginarekin», agertu zuen Bizkaiko diputatu nagusiak. Izan ere, 16.000 kamioi inguru ibiltzen da egunean Bilboko A-8 autobide zatitik.Hain zuzen, kamioiak eta ibilaldi luzeak egiten dituzten ibilgailuak Bilbora sartu beharrik ez dutenak A-8 autobidetik ateratzeko, lotura handia egingo du Diputazioak Larraskitu parean. Diputazioak aurreko legegintzaldian zeukan egitasmotik, horixe da atzo aurkeztutakoak daukan berritasun handiena, Melerok agertu zuenez.Bestalde, A-8 autobidean arazoak daudenean, Hegoaldeko Saihesbideak beste aukera bat eskainiko duela nabarmendu zuen Bilbaok. Izan ere, Gurutzeta-Malmasin artean istripuren bat dagoenean, ez aurrera eta ez atzera gelditzen dira ibilgailuak. Horri gehitu behar zaio abenduaren hasieran zabaldu zuten Txorierriko korridorea, Bilboko errepide eraztuna itxi zuelako.

-

INGURUMENA



 

Ingurumena zaintzeko asmoa agertu du Diputazioak





Bilboko Hegoaldeko Saihesbidearen proiektua Bizkaiko Diputazioaren aspaldiko asmoa da. Aurreko legegintzaldian, EAJ-EA gobernuak PSE-EErekin adostu zuen proiektua; baina kasu horretan Arrigorriagatik Trapagaranera joango zen errepide zatiaz bakarrik hitz egiten zen. Hala ere, Jose Luis Bilbaok diputatu nagusiaren kargua hartu zuenean, joan zen maiatzean, Hegoaldeko Saihesbidearen egitasmoa «atzeratzeko» asmoa agertu zuen. Eusebio Melero Herri Lan diputatu berriak eman zituen azalpenak. «Ingurumenean izango duen eraginagatik» eta Bizkaiko Diputazioak horrelako obra handia egiteko «dirurik ez» izatea jarri zituen atzerapenaren arrazoi gisa. Asmo hori azaltzeak PPren eta PSEren kritikak eragin zituen.

Hilabete batzuk igaro eta gero, Diputazioak berriro hartu du Hegoaldeko Saihesbidearen proiektua. Diru arazoari aurre egiteko, 30 urtean ordainduko dute errepidea. Ingurumenari eragingo dizkion kalteei dagokionez, «sentsibilitate handiko inguruetan kontu handiarekin» jokatuko du Bizkaiko Diputazioak, batez ere Barakaldoko Regato auzoan eta Bilboko Larraskitu auzoan. Era berean, errepide berriaren erdia tunelak izango direla azpimarratu zuen Melerok, «ingurumenari egingo zaion kaltea txikiagoa izango delako horrela». Hala ere, Diputazioak bost ibilbide aukera dauzka esku artean, baina argi eta garbi egin du horietako baten alde, «ingurumenari kalte txikiagoa egiten diolako». Dena den, azken ibilbidea Bizkaiko Batzar Nagusiek onartu beharko dute.

-

Epeak





Hegoaldeko Saihesbideak 36 kilometro izango ditu guztira. 1.120 milioi euro beharko dira, errepide berria egiteko. Hale ere, Bizkaiko Diputazioak hiru fasetan egin nahi du.

LEHEN FASEA





Ibilbidea: Trapagaran eta Arrigorriaga lotuko ditu. 14 kilometroko ibilbidea izango du, erdia tunelak izango dira. Era berean, A-8 autobideko La Arenako zatia hobetuko dute eta La Arena-Abanto zatian hiru bide ipiniko dituzte. Portugalete eta Santurtziko sarrerak hobetuko dituzte.

Epeak: 2006. urtean hasiko dira lanak. Hegoaldeko Saihesbideko zati hori 2010-2012 urterako erabiltzeko moduan izango da.

Aurrekontua: 650 milioi euro.

BIGARREN FASEA





Ibilbidea: Arrigorriaga eta Galdakaoko Kortederra auzoa lotuko ditu. 11 kilometro izango dira.

Epeak: Epeak: 2015. urterako hasi nahi dutuzte lanak.

Aurrekontua: 300 milioi euro.

HIRUGARREN FASEA





Ibilbidea: Muskizko San Fuentes auzoa eta Trapagaran lotuko ditu. 7 kilometro, erdia tunelak izango dira.

Epeak: Etorkizunean ibil daitekeen ibilgailu kopuruaren arabera egingo dute.

Aurrekontua: 150 milioi euro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.