Espainiako Osasun Publikoko Batzordeak gaur erabaki du COVID-19aren aurkako txertoa jartzeko era emango zaiela zahar etxeetako egoiliarrei ere. Era berean, erabaki dute dosi gehigarria har dezaketen pazienteen zerrenda ere zabaltzea. Zahar etxeetako adinekoen kasuan, erabakia hartzekoan kontuan hartu dute askotan pertsona«hauskorrak» izaten direla zentro horietan bizi direnak, eta «patologia askotarikoak» izateaz gain, toki «itxietan» bizi direla.
Hirugarren dosia hartu ahal izango duten pazienteen zerrendan sartu dituzte hemodialisian daudenak eta minbizia dutenak, besteak beste. Downen sindromea duten 40 urtetik gorako pertsonak ere sartu dituzte.
Osasun adituak ez datoz bat gai horretan. Hirugarren dosiarekin pertsona horientzat babesa handitu egingo dela diote hainbatek. Dudatan jartzen dutenak ere badira, eta hirugarren dosiaren aurretik, mundu zabalean txertaketa kanpainak oso motelduta dauden herrialdeetara begiratu behar dela diote, hango prozesuak bizkortzeko. OME Osasunaren Mundu Erakundeak udan eskatu zuen atzeratzeko hirugarren dosia jartzeko erabakia.
Lehengo astean The Lancet aldizkarian hainbat zientzialarik ohartarazi zuten hirugarren dosi hori populazio osora zabaltzeko beharrik ez dagoela.