Kutsatuei buruzko datuetan gorabehera handirik ez da egon azken orduetan, baina ospitaleetan gero eta ilunagoak dira datuak. Osakidetzak eta Osasunbideak argitaratutako informazioari erreparatuta, atzo beste 40 lagun erietxeratu zituzten COVID-19aren sintomak larriagoturik, eta ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan guztira 105 paziente daude birusarekin ospitaleraturik, larri. Guztira, oraintxe bertan, 420 gaixo daude gaitzak jota Hego Euskal Herriko erietxeetan.
Halaber, COVID-19aren transmisioari dagokionez, Hego Euskal Herriko osasun sistemek jakinarazi dute atzo beste 849 kasu positibo zenbatu zirela Hego Euskal Herrian egindako testetan. Guztira, PCR probak eta antigeno testak kontuan izanda, 8.929 proba egin ziren, eta, beraz, %9,5 izan zen positiboen portzentajea. Lurraldeka, Bizkaian 414 kasu izan ziren; Gipuzkoan, 153; Nafarroan, 147, eta, Araban, 119.