ADIERAZPEN ASKATASUNA

Hekimen: "Informatzea eta kazetaritza egitea ezin da inoiz delitua izan"

Mozal legea indarrean denetik kazetari bati jarritako lehen isuna jaso du Argia astekariko Axier Lopez kazetariak. Alberto Barandiaran Hekimeneko zuzendariak lege horren arriskuez ohartarazi du.

'Kazetaritza ez da delitua' kanpaina.
Maialen Unanue
2016ko apirilaren 7a
07:46
Entzun

"Kazetaritza egitea eta informatzea da gertatzen denaren berri ematea, ahalik eta modurik objektiboenean, baina, batez ere, modurik hurbilenean. Hurbiltasunak delitua badakar —kasu honetan, argazkiak zabaltzeagatik—, zentzugabekeria ikaragarria da. Ez dakit benetan ohartu garen mozal legeak dakarren kalteaz", azpimarratu du Barandiaranek.

Lopezenak bezalako kasuek herritarrei "begiak irekitzeko" balio dutela adierazi du. Izan ere, haren arabera, zenbait lege besteak baino "tangibleagoak" dira herritarrentzat: euren egunerokoan duten eraginaren arabera, gehiago edo gutxiago sumatzen dituzte haien ondorioak. "Kasu honetan, informatzeko eskubidea eta kalea hartzeko eskubidea ez da hain egunerokoa batzuentzat, eta gehiago kostatzen zaigu arriskuak ikustea". Ez nabaritzeak, ordea, ez du esan nahi legeak larritasun txikiagoa duenik, haren ustez: "Eskubide oso funtsezkoei egiten die eraso: informatzeko, manifestatzeko eta protestatzeko eskubideei. Eta, nire ustez, eskubide horietan, ezin da atzerapenik onartu. Ez dakit behar beste egin ote dugun mozal legearen aurka, baina hau guztia salatu egin behar da".

Nabarmendu du ezen, edozein kazetariri ez ezik, edozein herritarren aurka egiteko ere balia daitekeela mozal legea, eta horrek "beldurra sortzeko aukera" ematen diola aginteari. "Gainera, Lopez bera, edo beste kazetari bat, segur aski zalantzan egongo da hurrengo argazkia nola atera pentsatzen, zein ondorio ekar ditzakeen aztertzen. Gauza horiek oso larriak dira, autozentsura ezartzen duelako berez zentsurarik egon beharko ez lukeen tokian".

ELA sindikatuak ohar bidez elkartasuna adierazi dio Lopezi. "Komunikabideei botereak kontrolatzeko dagokien eginkizuna isun eta espetxe zigorren bidez lehertu nahi dute". Talde politikoei legea indarrean sartu aurretik egindako eginkizuna gogoratu du sindikatuak: "Beren programa politikoan lehentasuna eman diezaiotela lege hau indargabetzeari, eta beren esku dagoen guztia egin dezatela eraginik gabe uzteko".

Hitzaldia: "Komunikabideak. Adierazpen askatasuna eta Mozal Legea"

Donostiako Libre taldeak ere Mozal Legea bertan behera uzteko eta indarrean den bitartean ez aplikatzeko eskatu du. Horrez gain, datorren astean gaiarekin lotutako bi ekinbideren berri eman du. Biak hilaren 13an izango dira: lehenengo, elkarretaratzea egingo dute Easo plazan, 18:30ean, Stop ley mordarza, adierazpen askatasuna lelopean; jarraian, hitzaldia antolatu dute Kaxilda liburutegian, 19:00etan: Lander Arbelaitz, Boro eta Sergio Labayen ariko dira hizlari, Komunikabideak. Adierazpen askatasuna eta Mozal Legea izenburupean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.