Arbelaitzek Aske Gunean jaso zuen tratua dela eta, agiri bat atera du Hekimen elkarteak hori salatuz eta Argia-ko kazetariari elkartasuna adieraziz. Argia Hekimeneko kide izanik eta elkartearen helburua euskal hedabideen presentzia eta eragina gizartean handitzea izanik, kalitatezko informazioa eskaintzea ezinbestekotzat jotzen du Hekimenek, eta Arbelaitz ahalegin horretan ari zela azpimarratu du, "Ertzaintzak, eskuan zeukan kreditazioa kontuan hartu gabe, lurrera bota, astindua eman eta bertatik atera zuenean".
Gainera, kazetariak Bulebarreko kioskoan itxita eta bereizita zedarritzeko Ertzaintzako buruen erabakia "guztiz ezegokitzat" jotzen du elkarteak. "Kazetarien oinarrizko eskubideetako bat da informazioa ahal bezain hurbilen eta, batez ere, nahi duten ikuspuntutik eman ahal izatea. Hori da kazetaritza. Hori da gure lana".