Eusko Jaurlaritzak eta HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak ikasturte berriaren aurkezpen ekitaldia egin dute gaur, Bilbon. Han izan dira Blanca Urgell Kultura sailburua, Iñaki Uribe HABEko zuzendari nagusia, Kepa Dieguez euskaltegi publikoetako ordezkaria eta Mertxe Mujika euskaltegi pribatuen ordezkaria.
Urgellek aitortu du ikasturte berrian datuak zertxobait jaits daitezkeela, "langabeziak eta titulu salbuespenen dekretuak izan dezakeen eragina dela eta". Guztira, 1.500 irakasle inguru ariko dira lanean 2012-2013ko ikasturtean HABEk kudeatzen dituen 105 euskaltegietan. Jaurlaritzak azken urteotan zabaldutako datuak aztertuta, 2010-2011ko ikasturtean 37.000 ikasletik gora izan ziren iragan ikasturtean, eta iraileko datuak oraindik zenbatu gabe daudela, 35.000 ikaslek ikasi dute euskara.
Urgellen hitzetan, "duela lau hamarkada eskas euskara hizkuntza zapaldu eta mespretxatua zen. Gaur, euskal herritarrek, klase, ideologia eta sentsibilitate guztietakoek maite eta baloratzen duten hizkuntza da. Euskaldunen portzentajea ia bikoiztu egin da, eta euskararen aldeko jarrera gero eta zabalagoa da. Horrelakorik ez da inon gertatu, Europan, behintzat". Iraulketa horretan, euskaltegiek eragin handia izan dutela azaldu du Kultura sailburuak, eta nabarmendu du euskaltegiei zor zaiela, hein handi batean, euskara gaur egun "hizkuntza bizia" izatea.
Bestalde, iraileko ikasleak kontuan hartu gabe, ikasleen erdiak baino gehiago (%54,51) Bizkaiko euskaltegiren batean ari dira ikasten, %28,60 Gipuzkoan eta %16,89 Araban. Euskara ikasle guztien %73,72 euskaltegi pribatuetara joaten dira, Jaurlaritzaren datuen arabera — Publikoek ikasleen %26,28 hartzen dituzte—.
Ikasle gehienek euskaltegi pribatuetara jotzen dute, baina hilaren hasieran jakin zen Jaurlaritzak euskaltegi pribatuei emandako diru laguntzak %4,9 murriztea adostu duela. Joan den urtean, 20,7 milioi euroko laguntza jaso zuten, eta 2012-13ko ikasturtean laguntzak 19,7 milioirenak izango dira. Gainera, ikastaro mota gehienei eragingo diete murrizketek. Izan ere, ohiko eskoletarako 600.000 euro gutxiago jasoko dituzte euskaltegi pribatu homologatuek, eta funtzionarioen ikasturte osoko euskalduntze eskolentzako aurrekontua 200.000 euro murriztuko da. Barnetegietan egiten diren egonaldiek, berriz, 690.000 euroko diru laguntza lortu zuten 2011-12ko ikasturtean, eta aurten 620.000 euro jasoko dituzte, 70.000 gutxiago.