Mertxe Mujikak zehaztu dizkio Berriari euskaltegi homologatuen haserrearen arrazoiak.
Dirua da arazoa?
Une honetan bai. Metodologia zorrozki landu dugu. Kostuak aztertu genituen eta 45 edo 46 euroan zehaztu zen talde-orduko kostua. Kontuak egiten hasi direnean ohartu dira jarri behar duten dirutza, beraien ustez, handia dela.
Kopurua handia baina, zentzuzkoa?
Guretzat bai. Eta uste genuen beraientzat ere zentzuzkoa zela. Kostuak eta finantzaketa portzentajean bakoitzak zenbat jarri behar duen adostu bagenituen, argi zegoen. Helduen euskalduntze-alfabetatzea benetan normalizatu nahi badugu, jakina badena zentzuzkoa.
Gainerako gaietan ados egon zarete?
Bai, urte eta erdian egindako lan guztia adostuta zegoen. Baziren nolabait konfliktiboak izan zitezkeen puntu batzuk euskaltegien mapa, esaterako, eta horiek ere adostu egin ziren bere garaian. Euskaltegi bateko eginkizun guztiak adostuta daude. Honek huts egin du diru kopurua atera dutenean. Orduantxe.
Laster gobernu berria osatzeko prozedura hasiko dute. Nahita aukeratu duzue mementoa protesta egiteko?
Esan behar dugu data ez dela gure gustukoa izan. Beraiek ekarri gaituzte epe honetara. Sinatutako akordioaren arabera hau sei hilabetean amaituta behar zuen prozesua zen. Administrazioa izan da atzeratzen ibili dena. Hona heltzea ez da izan gure gustua. Hola tokatu da.
Gobernua aldatzeak ematen al dizue itxaropenik?
Baietz uste dugu. Bai, egia bada sektore estrategikotzat hartzen gaituztela. Eta hori da Euskara Biziberritzeko Plan Nagusian esaten dena. Uste dugu, gainera, denok daukagula argi ikasleek badutela euskaltegien beharra. Zenbakiak argiak dira: aurreko ikasturtean matrikulazioak gora egin zuen eta, datorren ikasturteari begira ere, antzekoak dira ditugun aurreikuspenak. Beraz, ikasleak diren bitartean euskaltegiak behar-beharrezkoak izango dira.
Guk eskatzen dugun gauza bakarra da egoera behingoz normalizatzea. Indarrak emaitzetan sartzea, etengabeko hobekuntzan. Baina benetan. Hori da guk nahi duguna.Miren Azkaratek Kultura sailburu jarraitzen badu hartutako konpromisoei eusteko eskatuko diogu; eta kargurako besteren bat aukeratzen badute ez dezala egin dugun bidea ahaztu, eta sar dadila benetan gogor sektore hau normalizatzen.
Bitariko batzordea apurtuko balitz, zer jazoko litzateke euskaltegietan?
Egin diguten proposamenarekin izango diren ondorioak ezagutzen ditugu: hobekuntza partzialak egiten jarraituko dugu, aurreko bi urteetan bezala. Horrela ezin izango ditugu eman normalizatzeko eman behar diren pausoak.
Horrek krisian jar dezake sektorea?
Ez, krisian ez. Baina ez digu utziko daramagun bidetik ateratzen. Aurrera egitea lortuko dugu, baina guk jartzen ditugun medioekin: Ikasleen matrikulei eta irakasleei esker, haien lan baldintzak ezin izango direlako hobetu. Ez da euskaltegirik itxiko, gure atzean 20.000 ikasleren babesa daukagulako. Horiei esker egingo dugu aurrera.
Jaurlaritzaren proposamenarekin gutxienez jakingo dugu ikasturtearen hasieran zenbateko diru laguntzak izango ditugun, arinago gertatzen ez zena. Baina horrela sektoreak normalizatu ezinean jarraituko du.
HELDUEN EUSKALDUNTZE ALFABETATZEA. FINANTZAKETA. MERTXE MUJIKA. «Honek huts egin du kontuak egiten hasi eta dirutzaren kopuruaz ohartu direnean»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu