EUSKAL HERRIA

Helduen euskalduntzea lehentasunen artean duela esan du Iñigo Urkulluk

Lazkaoko Maizpide euskaltegi-barnetegian bisita egin du Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuarekin batera.

urtzi urkizu
2013ko irailaren 5a
15:53
Entzun

Euskaldun berrien ekarpena goraipatu du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gaur goizean, Lazkaoko (Gipuzkoa) Mazpide euskaltegi-barnetegian egindako bisitaren ostean. Era berean, helduen euskalduntzea Jaurlaritzako lehentasunen artean dagoela nabarmendu du. Euskaltegi publiko nahiz pribatuetako arduradunekin bilera labur bat ere egin dute lehendakariak, Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak eta Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. 

"Elebitasunak pertsona aberasten du. Eduki gehiagoz jabetzeko aukera ematen dio pertsonari, mundu zabal eta berriak eskainiz", esan du Urkulluk. Lehendakariak gogorarazi du Jaurlaritzak euskaltegien finantzaketarako 31 milioi euro ematen dituela. "Euskara biziberritzea zutoina da, eta Jaurlaritzak euskararekin eta bizikidetzarekin hartu du konpromisoa", gaineratu du.

Herritarrei eta elebakarrei euskara ikasteko urratsa egiteko gonbitea egin die lehendakariak: "Pertsona legez aberastuko direlako, eta ekarpen handia egingo dietelako gizarteari.

Maizpidek 25 urte bete ditu aurten, eta ikasturte berriko matrikulazio garaia aukeratu dute Eusko Jaurlaritzako ordezkariek bertan bisita egiteko. Maizpideko zuzendari Jon Urdangarinek esan du euskara dakitenen eta ez dakitenen arteko zubi izan direla urteotan: "Tradizioaren eta modernitatearen arteko zubi, Lazkaoren eta Euskal Herriaren arteko zubi, Euskal Herriaren eta munduaren arteko zubi". Zubi horiek pasatzen bidelagun asko izan dituztela goraipatu du, eta eskerrak eman dizkie urteotan euskaltegietara jo duten ikasleei. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.