Mesedekeria ikusi du ELAk Heldu etorkinei kasu egiteko zerbitzua ixteko erabakian. Sindikatuaren arabera, Helduren lana ez da Eusko Jaurlaritzaren beraren esku geratuko, Gemma Zabaleta sailburuak hori iragarri zuen arren. ELAk salatu du fundazio bati eman diotela egitekoa, eta elkarte horrek lotura zuzena duela Fernando Fantovarekin, Gizarte Gaietarako sailburuordearekin. Hala, sindikatuak dio eskuz aldatu soilik egin dutela Heldu, ez publiko bihurtu. Gainera, ohartarazi du Helduk baino teknikari gutxiago izango dituela zerbitzuak aurrerantzean. Lehen, 12 ziren; orain, «onenean ere», lau.
Uztailetik dago etenda Heldu zerbitzua, eta, haren ordez, beste eredu bat dago abian. Jaurlaritzak dio bere gain hartu duela zerbitzua, eta, hartara, «bikoiztasunak» saihestu dituela. Gezurra da hori, ELAk atzo esan zuenez; haren arabera, EDE Fundazioak hartu du ardura. «Enpresa pribatu batek hartuko du bestearen tokia», dio Mikel Novalek, ELAren gizarte politikako arduradunak. Biltzen izeneko zerbitzuan dago afera: Jaurlaritzaren Immigrazio Zuzendaritzaren menpe dago hori, baina ELAk dio EDE Fundazioarena dela. Elkartearen webgunean baieztatu du susmoa: «EDEk lan poltsa bat ireki du, immigrazioko teknikari juridiko izeneko hiru lanpostu betetzeko».
Elkarte horrek lotura du Gizarte Gaietarako sailburu Fernando Fantovarekin; laguntzailea da. Hala dio ELAk. «Hemen beste interes batzuk daude. Hori ikertu eta argitu behar da», dio Novalek. Salatu du Gizarte Gaietarako Sailak fundazio horri pasatu dizkiola Jaurlaritzak kudeatu beharreko hainbat gai. Zabaleta sailburuari kontuak eskatu dizkio ELAko kide Mitxel Lakuntzak: «Juridikoki izango da defendagarria, baina irakurketa politikoa behar du».
Etorkinek kaltea jasango dutelakoan, kezkaz da ELA. Salatu du zerbitzua «kaskarragoa» izango dela, Zabaletak esan arren lehengo mailan segituko duela. 12 teknikari zituen Helduk; arduradun berriaren lan poltsa deia ikusita, ELAk dio zerbitzuak lau teknikari izango dituela, «onenean ere».
Helduren lana sailburuorde baten hurbileko talde bati eman diotela dio ELAk
Jaurlaritzari gezurretan aritzea egotzi dio ELAk, eta salatu du Heldun ari zirenak baino teknikari gutxiago arituko direla
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu