Erreferentziazko zerbitzu juridiko bat eskaintzea ezinbestekoa da egoera irregularrean dauden etorkinentzat. Babesik gabe dauden pertsona atzerritarren eskubideentzako oinarrizko gizarte zerbitzuen alde diharduten elkarte eta eragileek argi utzi dute hori, hainbat sindikaturekin batera, Eusko Legebiltzarrean. Zalantza egoeretan lehen Heldura jotzen zutela gogorarazi dute, eta orain ere gai horiek argitzeko erreferentziazko zerbitzu baten beharra agerikoa dela.
2002tik 2010era arte Helduk egindako lanaren garrantzia aitortu zuten atzo Harresiak Apurtuz-ek, Caritas Euskadik, SOS Arrazakeriak zein ELA eta LAB sindikatuek Eusko Legebiltzarreko Gizarte Politika, Lan eta Berdintasun Batzordean. Helduk ematen zuen laguntza orain elkarteen ardurapean uztea ezegokia dela berretsi zuten elkarte guztiek. Elkarte horiei emandako laguntzak jaitsi egin direla salatu zuten, gainera, eta horrek egoera okertzen duela. «Elkarteok Helduren lana osatzen genuen; ez dugu haren lana betetzen», gogorarazi zuen Francy Fonseca Harresiak Apurtuz taldeko kideak.
Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako Sailak uztailaren 16an hasitako eredu berriak beharrak ez ditu betetzen, are gutxiago pertsonen eskubideak jokoan daudenean; argi dute hori elkarte guztiek. Pertsona atzerritarren zailtasunak Atzerritarren Legearen ondorioz datozela diote, eta gaur egun ematen duten zerbitzua hobetzeko «borondate politikoa» baino ez dela behar.
Eredu berria, ezbaian
Heldu zerbitzuko langile ohiek ere aldaketa kritikatu zuten atzo Eusko Legebiltzarrean, hainbat urtez egindako lanak jarraipenik ez duela ikusita. «Ez da beste eredu bat zehaztu, eta behin-behineko ereduak ez ditu beharrak betetzen». Zerbitzu berriak telefonoz edo faxez jasotzen dituen zalantzak Datuen Babeserako Legeak babestuta daudela gogorarazi zuten, etalege hori errespetatzen ari den galdetu zuten.
Bide batez, 2002. urtetik Helduk Immigrazio Zuzendaritzaren agindupean lan egin duela gogorarazi zuten langile ohiek; Jaurlaritzaren aginduetara, alegia. Bide batez, alderaketa deigarria plazaratu zuten; aurreko udan 1.258 bilera egin zituzten erabiltzaileekin, eta zerbitzu berriak 110 baino ez ditu egin epe berean.
Helduren moduko zerbitzu baten beharra berretsi dute eragileek
Jaurlaritzak egindako aldaketa ez dela nahikoa eta hobetzeko «borondate politikoa» behar dela esan dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu