Hutsetik abiatuko da Peio Irigoienen auzia. Fijait arau-hauste terroristen egileen Frantziako fitxategi judizial automatizatuaren neurriak ez betetzeagatik urriaren 16an errudun izendatu ondotik, hamar hilabeteko epea eman zioten euskal preso oihari bere egoera erregulartzeko. Hamar eguneko epea zuen erabakiari helegitea aurkezteko, eta hala egin du. Maritxu Paulus Basurco abokatuak jakinarazi duenez, Baionako auzitegiaren erabakiari dei egin zioten atzo, eta ondorioz, epaiketa osoa berriz egin beharko dute Paueko Dei Auzitegian. Bizpahiru hilabeteren buruan jakinen da epaiketa berriaren data.
Hamar hilabeteko epean bere egoera erregulartuta edo Fijait zerrendatik kentzea lortuta, zigorrik gabe geldituko zen Irigoien, baina hori ez zitzaien zuzena iruditzen Paulus Basurcok esplikatu duenez. "Zigorrari begira epaitegiak aukera bat ireki bazigun ere, Peio Irigoien errudun izendatu zuten. Guk erraten duguna da Fijait fitxategia Frantziako konstituzioaren kontrakoa dela, eta Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren kontra doala. Erabakiari dei egiten ez bagenion, gure argumentazioa baztertu, eta Fijaita onartzea zen nolazpait. Borrokaren bidetik segitzea erabaki dugu", adierazi du.
Paueko Dei Auzitegian hastetik buru errepikatuko da epaiketa, ondorioz, Fijait-a konstituzioaren aurkakoa den azter dezan Kasazio Auzitegiari galdera egiteko eskatuko dute, berriz, Irigoienen abokatuek. Auzitegiak onartuko balu, Kasazioaren erabakia iritsi bitartean gibelatuko litzateke auzia; bestela, aferaren muinean sartuko liratezke. Irailaren 11ko epaiketan, Baionako auzitegiak ez zuen onartu Kasazio Auzitegiari galdera bidaltzea.