Biktimak

Helegitea jarriko diote ebazpenari

Gerra zikinaren hainbat biktimari kalte-ordainak ukatu dizkie Auzitegi Nazionalak. Egiari Zor fundazioak salatu du beren kasuak "ukatu eta desagerrarazi" nahi dituztela; "sufrimenduaren monopolioa" nahi du Espainiak, "hemen indarkeria bakarra ETArena zela esateko". 

Egiari Zor fundazioak hainbat seniderekin gaur eginiko agerraldia. ARGAZKI PRESS
Hodei Iruretagoiena
2015eko uztailaren 16a
09:03
Entzun

Seindeek Espainiako Auzitegi Konstituzionalera joko dute Auzitegi Nazionalaren ebazpenaren kontra. "Joango gara joan behar garen organo judizial guztietara, dela Konstituzionala, dela Estrasburgo", esan du Ane Muguruzak, Egiari Zor fundazioko kide eta Josu Muguruzaren alabak. Ziurtatu du Egiari Zor fundazioak "aitortzaren, erreparazioaren eta memoriaren alde" lanean jarraituko duela. "Ez dezagun ahantz zenbat utzi ditugun bidean. Haien memoria oso garrantzitsua da guretzat". Izan ere, kalte-ordainak "gutxienekoa" direla uste du, eskubideen errespetuari buruzkoa dela benetako auzia.

Salatu dutenez, indarkeria bakarra ETArena izan den tesia babesteko ukatu dizkiete laguntzak; "sufrimenduaren monopolioa nahi du Espainiak". 

EAJren Europako legebiltzarkide Izaskun Bilbaok Eurojust batzordeari —delinkuentzia antolatuaren kontrako koordinazio juridikoaren batzordea— eskatu dio azter dezala Auzitegi Nazionalak eman berri duen epaia. Bere ustez, biktimak berriro ere biktima bihurtu baitituzte, "sentzentziarik gabe gaizkiletzat jota". 

Ukapena

"Haserrez, amorruz" hartu du Espainiako Auzitegi Nazionalak kalte-ordaina ukatu izana gerra zikinaren hainbat biktimari. Batez ere, erabakiaren atzean dagoenagatik. Argi baitu zein den Espainiako Estatuaren helburua halako jarrerekin: "Kontakizun bakarra ezartzea ofizial gisa, pertsona askoren minaren gainetik. Jende asko dago Euskal Herrian sufritu duena, eta sufrimendu hori ukatu eta ezkutatu nahian dabiltza. Gu gara horren adibidea: estatuaren indarkeriaren isla gara".

Azken bi egunotan, kalte-ordainen harira agertu da berriz isla hori. Gutxienez 11 kasutan, Espainiako Auzitegi Nazionalak ukatu egin dizkie eskaerak familiei. GALek hildakoen kasuak dira horietako gehienak. Badira, ordea, beste garai eta sigla batzuekin lotutakoak ere. Iñaki Etxaberena, esaterako: Triple A taldeak hil zuen, 1975eko urrian. Gutxienez beste lauri onartu egin diete eskaera. BVEk hildakoak dira guztiak.

Erabaki horiekin, polizia txostenei balio erabakigarria eman die Auzitegi Nazionalak. Hori da batez ere auzitan dagoena, Iñigo Iruin abokatuak azaldu duenez. Inongo epairen beharrik gabe ebatzi dute epaileek nor den ETAko kidea, eta horren arabera onartu edo ukatu dituzte kalte-ordainak. Esanguratsua da Josu Muguruzaren kasua —1989an hil zuten tiroz, Madrilgo Alcala hotelean—: "talde armatua laguntzeagatik" epaitua izan zen, baina absolbitu egin zuten. Hori da haren inguruan dagoen epai bakarra, eta, hala ere, ETAren "eginbehar eta funtzioak" bere gain hartzen zituela diote epaileek. Polizia txostenetan oinarrituta.

Espainiako Barne Ministerioak, kalte-ordainak ukatu zituenean, HBrekin lotutakoak ere hartu zituen "indarkeriazko delituak egiten dituen erakunde bateko kidetzat", hil zituzten garaian HB legezkoa izan arren. Esaterako, Tomas Alba Donostiako zinegotzi ohiaren kasuan —1979an hil zuten; hari buruzko ebazpenik ez dago oraindik—. Angel Etxanizi buruzko sententzian —BVEk hil zuen, 1980an—, atzerako eragin hori ez dute onartu epaileek, eta aintzat hartu dute eskaera.

2011n, "terrorismoaren biktimen" inguruko lege berria onartu zuen Espainiak. 1989koa zen aurrekoa, eta moldaketaren ondorioz jaso beharreko dirua da orain ukatutakoa. Lege zaharrarekin, onartu egin zieten kalte-ordaina zenbaiti, eta ukatu egin diete orain —adibidez, Ramon Oñederra Kattu, Mikel Goikoetxea Txapela edo Rafael Goikoetxearen senideei—, informazio berean oinarritu arren: polizia txostenetan. Horrela, epaileek "ekinbide propioen doktrina" ere urratu dutela azaldu du Iruinek. "Zuk momentu batean sortu eta ontzat eman baduzu egoera juridiko bat, gero ezin duzu kontrakoa esan".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.