Baionatik eta Iparraldeko hainbat txokotatik igaro ondoren, Hegoaldera iritsi da Olentzero, Mari Domingirekin batera. Iruñeko zenbait auzo eta Bilbo bisitatu dituzte lehenik, eta abenduaren 24arekin, Gasteizera, Donostiara, Iruñera eta beste hainbat herritara heldu dira. Iruñean, kalejira nagusia egin dute Arte eta Lanbide Eskolatik, eta Zabalgunea eta Alde Zaharra zeharkatu ondoren, hasitako tokian bukatu da.Bilbon, eguerdira arte, Arriaga antzokian egon da Olentzero haurren eskariak jasotzen.
Donostian, Olentzerok eta Mari Domingik haurrei harrera egin diete Udalbatzan. Kalejira nagusia bi ordu geroago abiatu da, Bulebarretik. Gasteizko kaleetan ere ibili da Olentzero; baita Mari Domingi ere. Goizean, Olentzero haurrekin aritu da udaletxean. Arratsaldean, berriz, kalejira egin du Iparralde gizarte etxetik abiatuta.
Gabon egunaren bezperan, hotz egiten zuen bart Iruñean; bi gradu eskas. 18:30 pasatxo zirela, baina, auzo batzuetako kaleak berotu egin ziren. Salda, gaztainak, txistorra... Iturrama auzora bildu zirenek ez zuten arazo handirik izan hotzari aurre egiteko. Haurrak ez ziren tenperaturagatik kezkatu. Iturrama kaleko bazterretan ziren, Olentzero noiz etorriko zain, beren begiradetan igar zitekeenez.
Amaiur ikastolatik atera zen kalejira. Adarraren hotsa aditu zen lehenbizi, joareen hotsa ondotik; eta berehala hasi zen musika. Gaitero eta atabalari tropelak iragartzen zuen Olentzeroren etorrera. Txalapartariak ere baziren, baita Ortzadar fanfarrea eta Amaiur dantza taldea ere. Halako batean sua piztu zen. Zuziek Olentzeroren irudia argitzen zuten, ikastolako haurrek sorbaldan zeramaten panpinarena.
Hainbat orga ziren, eta haurrak zeramatzaten gehienek. Azkenengoa berezia zen, han baitziren Olentzero eta Mari Domingi. Kalean lagun anitz, eta kalejira aurretik pasatzean denak sartu ziren jende arteko berora. Hori da filosofia: parte hartzailea izatea. Hala azaldu du Maria Soto Jai Batzordeko kideak. «Oso ohiko ekitaldia da hau, eta jendeak erantzuten du, batez ere haurrek».
Han ziren Paula Isturiz eta Irantzu Restituto dantzariak. Orain gutxi arte Amaiurren ikasten zuten. «Txikitatik etorri gara, dantzatzea eta ongi pasatzea gustatzen zaigulako», zioen Isturizek. «Oso dibertigarria da; duela sei urte hasi ginen etortzen», zehaztu zuen Restitutok. Iruñeko kalejira nagusian izanen dira gaur, baina Iturramakoa nahiago dute. «Gurekin politagoa», zioen, txantxetan, Restitutok. Lagunak azaldu zuenez, auzokoa berezia da. «Dantzatzea eta gurasoek gu ikustea gustatzen zait».
Baziren dantzariak ez izan arren kalejiran dantzan aritu zirenak ere. Ainhoa Foncillas eta Ane Loizaga urduri ziren kalejira hasi aurretik, ezin gelditu. «Asko gustatzen zaidalako eta lagunekin ongi pasatzen dudalako etorri naiz», esan zuen Foncillasek. «Familiarekin eta lagunekin egoteko aukera dugulako eta oporrak ditugulako», gehitu zuen Loizagak. Foncillas kexu zen, etxeko lan asko zituelako. Haiek, baina, lan dezente eman diote Olentzerori.
Ezkirotz plazako geldialditxoaren ondoren, Lopez frontoian bukatu zen kalejira, dantzan.
Ilusioa, argiak eta musika
Egun bat lehenago iritsi ziren Olentzero eta Mari Domingi Bilbora ere. Ikusmin handia sortu zuten Bilboko haurrengan, eta berotasun hori jaso eta eman zuten atzoko bi protagonistek arratsaldean egin zuten kalejiran. Plaza eliptikoan dagoen Carlton hotel paretik abiatu zen kalejira hori, eta irteteko ordua iritsi zenean azaldu ziren biak, hotelaren barruko aldetik. Aurretik zituzten galtzagorriek zabaldu zieten bidea euren salto urduriekin, eta haurrek irri eta oihu artean hartu zituzten atzoko bi protagonistak. «Olentzero!» eta «Mari Domingi!» oihukatu zuten behin eta berriro kalejira abiatu aurretik.
Ordutik aurrera dena izan zen argia, kolorea, musika eta festa. Kale nagusian zehar zabaldu zuen bidea kalejira zalapartatsuak. Haren amaieran zihoazen Olentzero eta Mari Domingi, eta aurretik zeuzkaten galtzagorriak, trikitilariak, erraldoiak eta joaldunak, besteak beste. Horiekin guztiekin festa giroan murgildu nahi izan zituzten haurrak. Eta baita lortu ere. «Egun berezi hauek iristeko irrikan daude haurrak, eta gaur bikoiztu egingo zaie emozioa», zioen Ander Gurrutxaga gurasoak. Pottoka eta ahate erraldoien gainean egin zuten bidea Olentzerok eta Mari Domingik, eta igarotzen ziren zoko guztietatik haur denek gorantz begiratzen zuten, emozioz beteta. «Zeinen handia!», zioen haietako batek.
Artean, ordea, egun bat zeukaten opariak jaso ahal izateko, baina Olentzero eta Mari Domingik zerrenda luzea prestatu zuten haientzat. Arriaga antzokiko balkoira iritsi zirenean egin zuten errepasoa: «Jostailu mordo bat dago prestatuta bihar [gaur] etxez etxe banatzeko», zioen Mari Domingik. Eta Olentzerok ondotik: «Bai, baina, jostailuez aparte, opari bereziak ere ekarri ditugu, batez ere helduentzat: denbora, lagunekin edota familiekin egoteko, lana langabezian dagoenarentzat, osasuna...». Oparien zerrenda errepasatzeaz gain, eskaera bat ere egin zien bertaratutakoei: «Bakoitzak nahi duen moduan ospa ditzala Gabonak, eta izan dadila behintzat alaitasuna, zoriona eta indarra hartzeko garaia». Pozez erantzun zuten haurrek. Bazekiten zer esan nahi zuten Olentzerok eta Mari Domingik. Horregatik joan ziren denak pozik etxera.