emakumeen aurkako indarkeria

Hemeretzi urteko espetxe zigorra ezarri diote Asun Villalba hiltzea egotzi zioten gizonari

Emaztea hiltzea aurrez pentsaturikoa izateagatik hamasei urteko zigorra jaso du akusatuak eta hiru urtekoa biktimaren aurka indarkeria erabiltzeagatik.

2009ko apirilaren 23a
16:49
Entzun
Hemeretzi urteko kartzela bete beharko du 2007an Asun Villalba hiltzea leporatu diotenak: Victor Manuel Martinek. Villalbaren senarra da. Emaztea hiltzea aurrez pentsaturikoa izateagatik hamasei urteko zigorra jaso du, eta hiru urtekoa biktimaren aurka indarkeria erabiltzeagatik.

Fiskalak 23 eta 25 urte arteko zigorra eskatzen zuen Martinentzat baina, sententzian biltzen den moduan, espetxe zigorra ez da 23 urtera iristen, Villalba hil zuenean akusatua droga eta alkoholaren eraginpean zegoelako, epaileak dioenez.

Horrez gain, biktimaren familiari 170.000 euro ordaindu beharko dizkio eta 26 urtean ezingo du horiek bizi diren hirian bizi -egun Gasteizen bizi da familia-.

Villalba 2007ko ekainaren 2an hil zuten, labankadaz, Gasteizen. Handik ordu gutxira haren senarra, Victor Manuel Martin, atxilotu zuten, hilketa egotzita. Fiskalak 23 eta 25 urte arteko zigorra eskatzen zuen harentzat.

Martinek Villalba hil izana ukatu zuen, eta emazteak zituen ubelduak hiesaren kontra hartzen zituen sendagaiek sortzen zizkiotela adierazi zuen. Argudiatu zuen botikek zorabioak eragiten zizkiotela eta lurrera erori eta kolpeak hartzen zituela.

Epaiketan deklaratu zuten aurrenetarikoa bikotearen alaba izan zen. Villalbak tratu txar fisiko eta psikologikoak jaso zituela berretsi zuen alabak, eta askotan salatu zituela. Villalba laguntzera joan ziren bizilagunek azaldu zutenez, berriz, hiltzear zela, senarrak jipoia eman ziola esan zien emakumeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.