Hemezortzi koronabirus kasu gehiago hauteman dituzte Euskal Herrian azken orduetan; hamahiru Araban eta bost Bizkaian. Aldiz, Lapurdin duela egun batzuk pertsona batek koronabirusa zuela esan zuten arren, ezezkoa eman du orain. Beraz, guztira, 48 pertsona daude birusak kutsatuta Euskal Herrian.
Lurraldez lurralde, Araban atzeman dituzte kasu gehien. Hain zuzen, 33 pertsona daude koronabirusarekin. Hamahiru ospitalean daude, horietako bi zainketa intentsiboetako unitatean. Bizkaian, berriz, hamar lagun daude birusarekin, horietako bost ospitalean.
Gainerakoan, gaixo kopurua mantendu egin da azken orduetan. Gipuzkoan, bi pertsona daude kutsatuta, horietako bat ospitalean, eta Nafarroan hiru kasu daude, guztiak ospitaleratuta. Lapurdin ere pertsona batek koronabirusa zuela esan zuten duela egun batzuk, baina orain ezezkoa eman du.
Nafarroan kutsatuta dagoenetako bat Barañaingo Santa Maria Marillac ikastetxeko irakaslea da. Osasunbideko arduradunek bilera egin dute eskola horretako Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleen familiekin nahiz gainerako irakasleekin. «Lasaitasuna» zabaldu nahi izan dute. Ikastetxea ez da itxiko, kutsatutako irakaslea «garaiz» atzeman dutelako. Normaltasunez jarraitu nahi badute ere, seme-alabak eraman nahi ez dituzten gurasoak libre direla esan dute, «beldurra ere libre delako». Haurren jarraipena «gertutik» egingo da, baina, medikuen iritziz, ez du eman kutsatzeko betarik.
Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailak eta Osakidetzak ziurtatu dute «esfortzua» egingo dutela kasuak azkar hautemateko eta horiei jarraipena egiteko. «Epidemiologiako taldea lan sakona egiten ari da infekzioa azkar atzematen», nabarmendu dute. Ildo horretatik, azaldu dutenez, koronabirusa hautemateko bostehun proba egin dituzte azken bi asteetan, eta %90ek baino gehiagok ezezkoa eman dute. Gainera, gripearen sintomak zituzten 102 gaixori ere egin dizkiete probak, eta aztertu dituzten 102ek ezezkoa eman dute.
Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak atzo –orduan 30 kasu ezagutzen ziren– jakinarazi zuenez, kasu zenbaitek identifikatu gabeko sorburua dute. «Badakigu ez direla identifikatuak genituen transmisio guneetatik iritsi». Gehitu zuen epidemiologoen lana funtsezkoa dela orain, sorburua zein den jakiteko. Kutsatuekin harremanetan zeintzuk egon diren eta non egon diren aztertu beharko da, besteak beste. Halere, esan zuen birusari «eusteko» esperantza dagoela, eta, beraz, instituzioen jarraibideak betetzeko aholkatu zuen.
Asteazkenean, koronabirusa zeukan 82 urteko gizon bat hil zen. Horrez gain, pneumonia eta gaixotasun kronikoak ere bazeuzkan.
Gero eta ondorio gehiago
Koronabirusa hainbat ondorio eragiten ari da. Adibidez, Eusko Jaurlaritzaren Lan sailak jakinarazi du igo egingo dituztela erresidentzietako langileen grebako gutxiengo zerbitzuak. Astelehenetik aurrera sartuko da indarrean neurria. Osasun arloko langileentzat %50etik %100era igoko da eta %40tik %90era garbitzaileentzako nahiz garbitegietako langileentzako. Lan sailak nabarmendu du beharrekoa dela garbiketan arreta jartzea. «Zentro guztia desinfektatu beharko da, gutxienez, txanda bakoitzean behin».
Basurtuko (Bizkaia) ospitalean, berriz, kafetegia itxi zuten ostegunean. Orain, sindikatuek diotenez, bertako 25 langileei eragingo dien erregulazio espedientea aurkeztu du kafetegia kudeatzeaz arduratzen den Eurestek, eta orain lan agintaritzari dagokio hori onartu ala ez erabakitzea.
Jaurlaritzaren gomendioak
Eusko Jaurlaritzak birusari aurre egiteko gomendioak ematen jarraitzen du. Arriskua dagoen lekuetara bidaiatu eta sintomak edukiz gero, etxean egoteko eskatu du, eta 900 20 30 50 telefono zenbakira deitzeko. Gainerako herritarrei, berriz, eskuak garbitzeko, eztula egiterakoan ahoa estaltzeko eta behin erabili eta botatzeko mukizapiak erabiltzeko eskatu die.