GIZARTEA

Hemezortzi urteko espetxe zigorra jarri diote Lavanderaren hiltzaileari

Hilketa "ankerkeriaz" egin zuela frogatutzat jo zuen herri epaimahaiak, eta fiskalaren eskaria erabat onartu du Nafarroako Auzitegiko epaile batek. Familiak 25 urteko zigorra nahi zuen. 2010eko urtarrilaren 16an hil zuten, Lekunberrin.

2012ko ekainaren 19a
16:36
Entzun

Asier Lavandera gazte donostiarraren hiltzaileak badu zigorra: hemezortzi urteko espetxealdia ezarri dio Nafarroako Auzitegiko epaile batek. Herri epaimahai batek epaitu zuen Sergio Fernando Ramos de Sousa akusatua, eta "ankerkeriaz" egindako hilketa baten errudun jo zuen. Fiskalak eskatutako zigorra erabat onartu du orain epaileak: hemezortzi urteko espetxealdia jarri dio, eta kalte-ordaina eman beharko dio Lavandera zenaren familiari: 213.113 euro.

Sendiak zigor handiagoa eskatu zuen, 25 urtekoa. Defentsak, berriz, hamabost urteko zigorra galdegin zuen, eta gazteak hilketa aitortu izana aringarritzat jotzeko eskatu zuen.

2010eko urtarrilaren 16an hil zuten Lavandera —21 urte—, Lekunberrin, eta joan den maiatzaren 21ean hasi zen epaiketa, Iruñean. Fiskalak esan zuen akusatua jakinaren gainean zegoela egin zuenaz, eta harrezkero ez zaiola damutu. 

Mao Mao Beach dantzalekuaren kanpoko aldean hil zuten. Hilketarekin zerikusia zutelakoan, lau gazte atxilotu zituzten, eta epaileak horietako bat espetxeratzeko agindua eman zuen. Geroago, Lavanderaren familiak jakinarazi zuen gazte horrek lehendik kartzelan behar zuela, aurretik egindako bi delituren ondorioz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.