Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren udal garapenean proiektu pilotu izateko hitzarmena izenpetu dute Hendaia (Lapurdi), Arrigorriaga (Bizkaia) eta Uharteko (Nafarroa) herriko etxeek Euskalgintzaren Kontseiluarekin. Gaur goizean egin dute izenpedura ekitaldia, Hendaiako herriko etxean, hiru udaletako ordezkariekin, eta zehaztu dute Euskal Herriko hiru administrazioetan proiektuaren baliagarritasuna aztertzeaz gain, etorkizunari begira proiektua beste herriko etxeetan aplikatu ahal izateko irizpideak zehaztea dela asmoa.
2016an aurkeztu zuen Kontseiluak Protokoloa, Europa osoko hogeita hamar hizkuntza komunitate baino gehiagotako 120 gizarte eragileren babesarekin. Azken urteetan, tokiko administrazioei egokitutako dokumentua landu dute, eremu administratibo bakoitzeko legediari egokituta. Ipar Euskal Herriari dagokionez, herriko bozen kanpainarekin batera aurkeztu zuten, eta hainbat zerrendak hartu zuen hura betetzeko engaiamendua; horietarik 21 iritsi dira herriko etxeetan gehiengoa osatzera. Hendaia izanen da engaiamendua betetzen lehena. «Badira hogei urte baino gehiago euskararen aldeko hizkuntza politika lantzen dugula», ohartarazi du Kotte Ezenarro auzapezak, Ipar Euskal Herriko lehen hizkuntza teknikaria haien herrian izan zela azpimarratuta. «Kontseiluaren herriko etxeen garapenaren bidez, gure hizkuntza politikarako hausnarketa aberastuko dugu».
Orain dela 31 urte sortu zuten euskara zerbitzua Uharteko Udalean, eta, urtez urte, euskaldunen kopurua emendatzen ari da. Edorta Beltzunegi alkateordearen hitzetan, «zalantzarik gabe» jo zuten Kontseiluaren proiektu pilotuan parte hartzera, ikusteko udala noraino dagoen prest herritarren hizkuntza eskubideen bermeari begira, eta ebaluatzeko zer neurri har ditzaketen. Uharte Nafarroako legeak ezarritako eremu mistoan kokatzen dela nabarmendu du Kontseiluak, eta horrek proiektu honetan beste ikuspegi bat izatea ahalbidetuko diela.
Alderantziz, Arrigorriaga «euskarak juridikoki aldekotasuna duen lurraldean» dela erran du Bilbaok, eta, beraz, aukera izanen dela halako udal batean «zer falta den eta zer dagoen egiteko definitzen laguntzeko». Maite Ibarra alkateak erran du «bateragarria» dela udalean izan nahi duten lan dinamikarekin, eta herriko euskalgintzarekin bide berriak urratzeko aukera ere aipatu du. «Eragile ezberdinen arteko elkarlanak emaitza oparoak eskainiko dizkugulakoan gaude».
Hiru errealitate
Bi fasetan igaroko da Kontseiluaren eta herriko etxeen arteko proiektua. Lehenik, diagnostiko bat osatuko dute, hautetsien, teknikarien eta herriko euskalgintzako eragileen parte hartzearekin; ondoren, dokumentu hori oinarri hartuta, hizkuntza politikarako lerro nagusiak definituko dituzte.
Paul Bilbaok gogotik eskertu ditu hiru herriko etxeak proiektuan parte hartzeko erakutsi duten borondateagatik, eta hitzarmena Hendaian izenpetzearen garrantzia azpimarratu du. «Ipar Euskal Herrian euskarak duen aitortza juridiko falta ez da oztopo borondatea egonez gero urratsak egiteko». Euskal Hirigune Elkargoa sortu zenetik herriko etxeetan egiten ari diren «lan handia» azpimarratu du.
Gaur egun Euskal Herria zatitzen duten hiru eremu adminstratiboetako herriko etxeak izanen dira Protokoloaren gauzapenean pilotu. «Oso esanguratsua» iruditzen zaiela adierazi du Bilbaok, errealitate juridiko-administratiboak desberdinak direlako. «Kontseiluak mahai gainean tresna bat jarri du, gure ustez lagungarria izan daitekeena etorkizuneko hizkuntza politiketan urrats ausartak egiteko. Orain, hori garatzea dagokigu, eta ikusiko dugu zer emaitza ekarriko duen. Baina zinez uste dugu herriko etxe eta udaletan hizkuntza eskubideak ardatz izango dituzten politiketan laguntzeko gidalerro bat ekar dezakeela»