Garraioa

Hendaiak Euskotrenen geltoki berria estreinatuko du astelehenean

Aurrekoa halako bi izango da azaleran. Nasak handitu dituzte, eta bi trenbide edukiko ditu; egun, bakarra du.

Hendaiako geltoki berriaren egitasmoko irudi bat. Astelehenean zabalduko dute. EUSKOTREN
Edu Lartzanguren.
2020ko ekainaren 24a
15:55
Entzun

Frantziako trenbide konpainia publikoak (SNCF) lurrak utzi dizkio Euskal Trenbide Sareak konpainia publikoari, Hendaia eta Donostia lotzen dituen trenaren Hendaiako geltokiko puskan trenbidea bikoizteko. Hori da Lapurdiko herrian Euskotrenek duen geltokiaren berrikuntzetako bat. Datorren astelehenean zabalduko dute geltoki berria.


Hendaiako Euskotrenen geltoki zaharra, eraitsi aurretik, 2018an. Isabelle Miquelestorena.

Geltoki zaharrak 84 metro koadro zituen, eta berriak 198 metro koadroko eremu erabilgarria dauka. Nasak ere handitu dituzte. Zaharra 1,9 metro zabal zen, tren bakarrerako. Berria lau metro zabal da, eta bi trenbideen erdian egongo da. Itxarongela bat dauka eraikin berriak, eta txartelak saltzeko hiru makina.

Euskotrenek adierazi duenez, segurtasuna handituko du diseinu berriak, baita irisgarritasuna ere. ETSk ingurunea txukundu du, eta espaloiak eta bi aparkaleku egin ditu. Duela ia urtebete, geltoki zaharra eraitsi zuten, eta behin-behineko egitura batean aritu dira bidaiariak trenetara igotzen eta jaisten.

Geltoki berriak, eta, batez ere, trenbidea bikoiztu izanak mesedea egingo die erabiltzaileei. Izan ere, astelehenetik 30 minutuan behin ibiliko dira trenak, baina azpiegitura berriak aukera ematen du trenak 15 minutuan behin ibiltzeko, zerbitzua indartu nahi duten orduetan.

Eusko Jaurlaritzak ordaindu ditu lan guztiak, eta 5,3 milioi euro gastatu dituzte. Gaur, urtean 700.000 bidaiarik erabiltzen dute Hendaiako Euskotreneko geltokia. Euskotrenen sare osoak ia 24 milioi bidaiari mugitu zituen iaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.