Hendaiako atxikitze zentroa

Hendaiako atxikitze zentroa ez ixtea erabaki du Paueko Administrazio Auzitegiak

Atzerritarren Defentsarako Abokatuen Kolektiboak ezarri zuen helegitea, Lapurdiko atxikitze zentroak segurtasun neurriak betetzen ez dituela kontsideratuta. Estatu Kontseilura joko dutela iragarri dute.

Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko irailaren 28a
19:26
Entzun

Hendaiako (Lapurdi) atxikitze zentroa ez dute itxiko. Hala erabaki du asteartean Paueko (Okzitania) Administrazio Auzitegiak. Bezperan iragan zen auzi saioa, Atzerritarren Defentsarako Abokatuen Kolektiboak jarritako eskaeraren harira. Abokatuek argudiatu zuten Hendaiako atxikitze zentroak segurtasun neurriak ez dituela betetzen. Auzitegiaren berri izan bezain laster, Frantziako Estatu Kontseilura joko dutela iragarri dute, oinarrizko eskubideak babesteko berehalako prozedura bat abiatzeko. «Errefuxiatuak administrazioaren kondenatuak dira», deitoratu du Francisco Sanchez abokatuak.

Abokatu kolektiboaren iritziz, gaur egun Hendaiako zentroak ez ditu baldintzak betetzen. Batetik, iragan irailaren 19an gertatutako sute denboran, alarmak ez zuen jo, eta larrialdi ateek ez zuten funtzionatu. Bestetik, higiene neurriak betetzeko protokolo nahikorik ez dela salatu zuten. Hortaz, obrak egitea ezinbestekotzat jo zuten abokatuek, eta, anartean, zentroa ixteko eskatu zioten Paueko Auzitegi Administratiboari. Suteen aditu batek azaldu zuen, gainera, iragan igandeko sutearen ondorioz, kea oraindik ere toxikoa dela bertan dauden atxikientzat eta langileentzat. Horregatik, hain zuzen, behin-behinean ixteko eskaria egin zuen abokatuen kolektiboak.

CIMADE laguntza juridikorako elkarteko langileak, bestalde, iragan astetik ez dira atxikitze zentroan egon. Egoera ikusirik, bertatik lekutzea erabaki zuten, eta zentroa ixteko eskatu. «Bertan atxikiak diren pertsonen segurtasuna bermatua ez deino, ez gara bertara hurbilduko», adierazi zuten orduan. Erabakiaren harira, ez dakite oraino zer segida izanen duen aferak. Frantziako administrazioaren jarrera salatu zuen BERRIAn Maud Steuperaert, atxikitze zentroen CIMADE elkarteko eskualdeko arduradunak.

Hendaiako atxikitze zentroan 30 egun pasatu zituen Kadiri E.-k. Zentroan izandako sutearen ondorioz, Nimesera lekualdatu dute, eta beste 28 egun pasatuko ditu han. Handik lekukotasuna eman nahi izan dio BERRIAri, nahi baitu jendeak «egia» jakin dezan: «Zer eskubidez ari gara? Administrazio arazoengatik gauzkate preso hemen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.