Iheslarien krisia

Hendaiako herritarrek harrera egin diete Siriako zazpi errefuxiatuei

Goizean iritsi dira Miarritzeko aireportura, eta Esku Zabal elkarteko kideekin batera abiatu dira gero Hendaiara. Hiru urte dira Homsetik ihes egin zutela, eta Libanoko kanpaleku batean zeuden atzora arte.

Iheslari siriarrak Miarritzeko aireportura heldu berritan. ISABELLE MIQUELESTORENA
maddi ane txoperena iribarren
2016ko apirilaren 25a
07:13
Entzun

Atzo arratsean hartu zuten hegazkina Beirutetik, eta Parisen geldialdia eginda, 10:15ean iritsi dira Miarritzeko aireportura. Homseko (Siria) bi familia dira etorritakoak: 16 eta 17 urteko seme-alabak dituen bikote bat eta 7 urteko alaba bat duen bikote gazteagoa. Gizon gazteenak adierazi duenez, "oso pozik" daude Lapurdira iritsi izanaz. "Aldaketa handia izanen da: bizi baino bizirauten genuen leku batetik partitu gara, eta ongi biziko garen leku batera gatoz orain".

Bidaiagatik "nekatuta" daudela azaldu dute, baina "loriaturik" daudela bai Parisen nola Miarritzen egin dieten harreragatik. Miarritzeko aireportuan Esku Zabal elkarteko kideek, Kotte Ezenarro Hendaiako auzapezak eta Sylviane Alaux diputatu sozialistak egin diete ongietorria, bertzeak bertze. Hemendik aitzina "bizitza hobe eta egonkorrago" bat izaten saiatu nahi lukete ailegatu berriek, "bereziki haurrengatik". Errefuxiatu estatutua badute jada Hendaiara iritsitakoek, eta Esku Zabal elkarteko kideek azaldu dutenez, "eskubide guziak" izanen dituzte bermatuak.

Siriako Homs hiritik Libanora joan ziren ihesi lehenik zazpi errefuxiatuak, eta han hiru urtez bizi ondotik, Euskal Herrira heldu dira orain, Hendaiara zehazki. Richard Irazusta alkateordeak eta Esku Zabal elkarteko presidenteak azaldu duenez, herriko etxeak bi apartamentu prestatu ditu haientzat. "Ez dakigu zer asmo duten, ez hemen geratzeko asmoa duten edo hemendik Europako beste herrialderen batera joango ote diren, baina gurean diren bitartean behar duten guztia eskainiko diegu".

Bertze herriei deia

Baigorriko esperientziaz aparte, gaur arte Ipar Euskal Herriko lau herrik erakutsi dute Siriako iheslariak hartzeko borondatea: Hendaiak, Bastidak (Baxenabarre), Maulek eta Atharratzek (Zuberoa). Azken hiru horietara oraindik ez da errefuxiaturik iritsi, halere: ekainetik aitzina iritsi beharko lirateke, Greziatik. Bertze herriei ere urratsa emateko deia egin die Irazustak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.