Departamenduko bozak

Hendaiako kantonamendua aletzen

Martxoaren 22an eta 29an izango dira departamentuko bozak Ipar Euskal Herrian, eta euskal hedabideek antolatutako bigarren mahai-ingurua egin dute. Hendaiako kantonamenduko hautagaiek ekonomia, politika sozialak eta lurralde egituraketa izan dituzte mintzagai, besteak beste.

2015eko martxoaren 9a
09:40
Entzun

Hendaia, Urruña eta Biriatuk osatzen dute Hendaiako kantonamendua, eta 27.000 herritar bizi dira bertan. Sei ordezkari dira parte hartzaileak: Kotte Ezenarro (ezkerreko batasuna), Battitt Salaberri (eskuineko independentea), Dominique Mele (alderdi komunista), Sandrine Urtxuegia (UMP), Jean Telletxea (EAJ) eta Pantxo Tellier (EH Bai).

Alor soziala izan dute hizketagai eztabaidaren lehen zatian, besteak beste gazteen eta adinekoen arazoak jorratuz. Gazteen mobilitatea lagundu beharraz mintzatu da Mele, eta haientzat etxebizitzak eta formakuntza segurtatu behar direla uste du Salaberrik.

Ipar Euskal Herriko herri elkargoarekiko jarreraz ere galdetu diete hautagaiei. Pays egitura baten alde azaldu da Mele, eta EPCI baten alde, ordea, Ezenarro. Urtxuegiak garrantzitsutzat jo du instituzio berezi bat osatzea, eta Salaberrik nabarmendu du lurralde kolektibitatea "zuzenbide publikoan sartzea" dela.

Mugaz gaindiko harremanez ere itaundu dituzte hautagaiak. Salaberriren ustez, diskurtso anitz eta gauza guti egin dira mugaz gaindiko harremanetan, batez ere unibertsitateekin. Tellierren ustez ere ez da aski egin alor horretan, eta erantsi du: "Pauetik erdaraz egiten dira harremanak". Bestela uste du Ezenarrok, gauza anitz egin direla ohartarazi baitu. Mugaz gaindi euskara sustatzearen alde mintzatu da, berriz, Urtxuegia.

Hurrengo eztabaida martxoaren 17an egingo dute Uztaritzen, 19:00etan. Lehen mahai inguruan, Mendialdeko boz eremu berriaz aritu ziren eztabaidan martxoaren 4an. Olivier Carasco (UMP), Itxaro Bethart (EAJ), Leonie Agergarai (EH Bai), Pierre Etxekopar (Ezkerreko Frontea), Pepela Mirande (Eskuineko independenteak) eta Ruben Gomez (Ezkerreko independenteak) izan ziren hizlariak, eta herri elkargoaren "aukera" baliatzera deitu zuten hautagaiek.

Euskal Irratiak, Kanaldude, BERRIA-Iparraldeko Hitza,Herria eta Kazeta.eus hedabideek antolatu dituzte departamentu bozei buruzko eztabaidak. Iaz ere elkarlanean aritu ziren euskal hedabideak Ipar Euskal Herrian, udal bozak zirela eta. Elkarlan hori saritu zuten urtarrilean Argia sarietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.