Indarkeria matxista

Hendaian gizon bat atxilotu dute, hark neska lagunari eraso ostean

Baionako auzitegira aurkeztu dute gizona, eta urruntze agindua ezarri dio epaileak. Konfinamendu garaian, gora egin dute indarkeria matxistari dagozkion salaketek.

Indarkeria matxistaren kontrako manifestazioa, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2020ko apirilaren 8a
16:10
Entzun

Indarkeria matxistagatik gizon bat atxilotu du Frantziako Poliziak, Hendaian. Iragan asteburuan bikotekideari eraso zion, etxean zirela.

Baionako auzitegian deklaratu zuen, eta epaileak kontrol judizialpean ezarri du gizona. Fiskalak berehalako urruntze agindua eskatu zuen, eta gizonak Orthezen (Biarno) egon beharko dugu apiril bukaera arte. Frantziako Justizia ministroak konfinamendurako plataforma berezi bat sortu zuen urruntze aginduak bermatu ahal izateko.

Indarkeria matxistarekin loturiko salaketak azkarki emendatu dira konfinamenduan. Joan den martxoaren 15etik, Nafarroako Foruzaingoak 22 salaketa jaso ditu indarkeria matxistagatik, eta, kasu horiekin zerikusia izateagatik, hamar gizonezko atxilotu dituzte asteotan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, salaketa kopuruan %7,2ko igoera gertatu da iaz epe berean gertatutako erasoekin alderatuz gero, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak bildu eta Emakundek plazaratutako datuen arabera. Ipar Euskal Herriko daturik ez bada ere, konfinamendu hastapenetik %32 emendatu dira Frantziako larrialdi zenbakirako deiak (3.919).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.