Genero indarkeria

Hendaian gorpu agertutako ama-alabak bikote-lagun zein aita zuten gizonezkoak hil zituen, ikerketako iturrien arabera

Maria Belen Muro Etxegarai eta haren alaba Irati, larunbatean Hendaian (Lapurdi) hilotz agertu ziren bi emakumezkoak, haien bikote-lagun zein aita zen gizonezkoak hil zituen ikerketako iturriek jakinarazi dutenez. Iturri horien arabera, 37 urteko Christophe Dubarryk emaztea zein alaba berak hil zituela aitortu du. Dubarryk gaur deklaratuko du Baionako Fiskaltzaren aitzinean. Gizonezkoak berak eman zion Poliziari hilketen berri, etxera iritsi zenean bikote-laguna zein alaba hilda aurkitu zituela salatuz.

2004ko otsailaren 16a
15:34
Entzun
Maria Belen Muro Etxegaraik 34 urte zituen, eta nahiz eta donostiarra izan eta Donostian lan egin,Hendaian bizi zen Chistophe Dubarry bikote-lagunarekin eta bien 5 urteko alaba Iratirekin.

Larunbatean jakin zen bi emakumezkoak hil zituztela; hain zuzen ere, Dubarryk eman zuen gertakariaren berri. Auzokoek agertu dutenez, lanetik etxera itzuli zenean, eguerdiko 14:30ak inguruan, garraisika atera zen, emaztea eta alaba hilda aurkitu zituela eta Poliziari deitzeko eskatuz. Hasieratik argi geratu zen ama-alabak hil egin zituztela, eztarriak estututa ito zituztela adierazten zuten zantzu argiak baitzituzten. Dena den, lapurreta baten ondorio izan zitekeela pentsatu zuten hasieran ikerlariek, etxe guztia hankaz gora baitzegoen. Halaber, auzokoek bikotea elkarrekin oso ondo konpontzen zela adierazi zuten.

Ikerketako iturriek agertu dutenez, ordea, bikote-laguna zein alaba berak hil zituela aitortu zuen atzo iluntzean Christophe Dubarryk. Maria Belen Muro zena hiru hilabeko haurdun zegoen.

Hendaiako Ibaia jatetxe entzutetsuan lan egiten zuen Dubarryk, eta, aurretik, Serge Blancoren talasoterapia zentroko jatetxean ibili zen. Horregatik, oso ezaguna zen Hendaian. Maria Belen Murok, ostera, Donostiako Intxaurrondo auzoko Lauki tabernan lan egiten zuen. Taberna horretako langileek adierazi dutenez, bikoteak arazorik zuenik ez duten inoiz sumatu eta gertatutakoarekin zur eta lur zeuden.

Dubarrik gaur deklaratuko du Baionako Fiskaltzaren aurrean.Bitartean, atxilotuta daukate.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.