IKASTOLAK

Hendaian ikastola eraikitzeko erabakia legez kanpokoa dela esan du suprefetak

Herriko etxeak ikastola hartutako erabakia atzera botatzeko agindu du, esanez hezkuntza legearen aurkakoa dela. Bi urtez atzeratu daiteke eraikuntza erabaki horren ondorioz. "Haserre eta kezkaz" dago Seaska.

2013ko ekainaren 14a
19:18
Entzun

Hendaian ikastola berria eraikitzeko bideak beste oztopo bat jaso du Frantziako administraziotik. Suprefetak Hendaiako Herriko Etxeari agindu dio bertan behera utz dezala ikastola eraikitzeko hartutako erabakia, legez kanpokoa dela esanez. Uste du hezkuntza legearen aurkakoa dela. Erabaki horrek bi urterako behintzat atzeratu dezake Hendaian ikastola bat eraikitzea. Erabakia aztertzen ari da Seaska, baina aurreratu du "haserre eta kezkaz" hartu duela gobernuko ordezkariaren erabakia.

Joan den urtarrilean hasi zuen suprefetak proiektuaren aurkako ekinbidea. Egungo eraikina txiki geratuta, beste bat eraikitzeko asmoa du Seaskak, eta herriko etxea laguntzeko prest agertu zen. Falloux legea gogora ekarrita, suprefetak hori egitea galarazi egin zion, ordea; eskola pribatuei dirua ematea galarazten du arau horrek.

Kontrakotasun handiak jaso zituen suprefetaren erabakiak, eta beste bide batzuk mahai gainean jarri zituen, betiere diruz laguntzea debekaturik; egoitza alokatzea eskaini zion udalari. Egoerak aurrera egiteko zantzurik ez, eta otsailaren 2an jendetza bildu zen Hendaian, ikastolaren babesteko.

Pirinio Atlantikoetako prefeta sartu zen tartean horren ondoren, eta konponbidearen aldeko agertu zen. Egoera bideratuta zegoelakoan, apirilaren 24an ikastola berria eraikitzeari baiezkoa eman zion Hendaiako Herriko Etxeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.