Lanuzterako deiak eta hornikuntza arazoak daude prezioen igoeraren muinean, adituen arabera. Kanadako Inco konpainian piztu da lan gatazka. Munduko altzairu ekoizle handienetakoa da, ehunka milioi dolar irabazten du urtean, baina Sudburyko meategiko 3.000 langileei «bi sos» besterik ez dizkie eskaini, Altzairuko Langileen Sindikatuaren arabera, betiere. «Iraina» iritzi dio ugazabek proposatutako lan itunari, eta grebarako prestatzeko deia egin du. Oraingoz, nolanahi ere, beharrean segitzen dute langileek.
MONOPOLIORA BIDEAN. Ez dakite aurrerantzean norekin negoziatu beharko duten, Inco erosi guran baitabil Brasilgo Vale Do Rio Doce konpainia. Bat-egiteak ohiko bihurtu dira sektorean. Falcombridgez jabetzera doa Xtrata. Hilabete gutxiren buruan bospasei konpainia erraldoiren artean banatuko dute pastela. Monopolio antzekoa izango da. Oraingoz, ordea, merkatua aztoratuta dago. Nork bestea erosi lehiatzen ari dira handikiak eta, egonkortasunik ezean, nikelaren prezioa gora doa astez aste: %250 igo da hiru urtean.
Are gehiago Txina metala erruz kontsumitzen ari den honetan. Hornikuntza arazo larriak sortu ditu herensugearen pizkundeak. Egunero 3.600 tona nikel kontsumitzen dira munduan. Londreseko Metalen Burtsan, ordea, 1.674 besterik ez zeuden eskuragai abuztuaren hondarrean. Orain halako bi ekoitzi beharko lukete konpainiek eskaria asetzeko. Baliteke ekoizpena erruz handitzeko zailtasun teknikoak egotea. Ezin, ordea, espekulazioaz ahaztu.
Zenbat eta gutxiago, garestiago. Zenbat eta gehiago, merkeago. Eskariaren eta eskaintzaren legea da. Ekoizleek agian ez dute merkatua hornitzeko interesik. Nahiago nikela eskas izatea, eta dagoena urrearen prezioan saltzea.
Baina ekoizleen balizko asmoak zapuztu dituzte Londreseko Metalen Burtsako agintariak, neurri batean. Salerosketak ixteko topagunea izatetik, prezioak baldintzatzera pasatu da aspaldiko partez. Behera eragin zion nikelari abuztu bukaeran eta, gutxi bada ere, zertxobait merkatu da: 30.000 dolarretik 27.900era tona bakoitza.
Erosleek erruz eskertuko zuten jaitsiera. Sidenor eta Olarra dira nikelaren gora-beherei adi dauden euskal enpresetako bi. Segituan igarri dute prezioen goraka. Sidenorrek berriki ekin dio altzairu herdoilgaitzaren negozioari. Inbertsio handiak egin ditu tresneria egokitzeko eta, une honetan, 50.000 tona ekoitzi ditzake urtero, Basauriko (Bizkaia) lantegiko buruek zehaztu dutenez. Altzairu asko eta nikel asko. «10.000 dolarretan zegoen tona orain gutxi. Itsumustuan igo da 30.000 dolar ingurura». Altzairu herdoilgaitza garestiago saldu behar.
Sidenorreko buruek ohartarazi dute lehengaien garestitzea produktuetan islatzeko akordio modukoa daukatela. Bezeroek ez diote erosteari utzi. Aurrerantzean zer gertatuko den, auskalo. «Baliteke inork altzairu herdoilgaitz gutxiago erostea prezioak gorantz segituz gero. Egongo da, ordea, prezioak are gehiago igo daitezkeela pentsatu eta orain baino gehiago erosten duen bezerorik».
PREZIO ARE GARESTIAGOEN BELDUR. Iritzi bera dute Olarra enpresako arduradunek. Horiek ere itun batean adostu dira bezeroekin, altzairu herdoilgaitzaren prezioa lehengaien gora-beheren arabera egokitzeko. Olarrak, gainera, dolarraren gora-beherei begiratzen die prezioak zehazterakoan. «Nikelaren garestitzeak ez digu kalterik ekarri». Ez oraingoz, behintzat. «Zorroa enkarguz beteta daukagu hurrengo hiletarako, baina bezeroek, agian, ez dituzte luzaroan eramango gaur-gaurko prezioak». Kezkatuta daude altzairutegiko arduradunak. Eta Olarrakoak legez, sektoreko beste enpresa askotakoak. Beharko.
Prezioak ez dira jaitsiko gauetik goizera, eta nikelaren ekoizpena gero eta multinazional gutxiagoren eskuetan egotea mehatxu da. Ekoizle handi horiek erabat baldintzatuko dute merkatua, erosleen kalterako.
Bospasei multinazionalek kontrolatuko dute nikelaren merkatua laster, altzairu ekoizleen kalterako
Munduan 3.600 tona nikel kontsumitzen dira egunean, baina 1.670 bakarrik daude erosgai Metalen Burtsan
Prezioen eromena orokorra da lehengai metalikoen artean
Kimika gaien taula periodikoa erotu dela dirudi, edo, behinik behin, metalena. Nikelaz gain, beste lehengai metalikoak aspaldi ezagutu gabeko prezioetan baitaude. Lehengai metaliko askok nazioarteko merkatuan duten prezioen garestitze orokorra kobreak islatzen du hoberen. Kobrea oso erabilia da industrian: besteak beste autoetan, ordenagailuetan, hari elektronikoetan, ur eta gasaren hodietan, txanponetan... Londresko LME merkatuan 7.665 dolarretan amaitu zuen kobre tonak astelehenean. Maiatzean ia 9.000 dolarrera iritsi zen (inoizko preziorik handiena), baina egin kontu iaz 2.970 dolarrekoa izan zela batez besteko prezioa. Ekaineko datuen arabera, azken hiru urteetan kobrea %295 garestitu da, zinka %273, beruna %90, burdina %123, aluminioa %63 eta eztainua %55.Produktu bakoitzaren merkatuaren baldintzak desberdinak izan arren, joera orokorra da. Maiatzean jo zuten goia, eta geroztik prezioak apur bat lasaitu dira. Merkatuotako adituek ohartarazten dute, prezioen igoeraren atzean espekulatzaileen eskua dagoela.