Gaur beste herio mehatxu bat jaso dute EH Bilduko Baztango eta Elizondoko alkateek, aurreko gutuneko sinadura berarekin: Agrupacion de Nacionalistas Navarros. Lehenengo gutunean bezala, herio mehatxua aurrera ez eramateko “Ikurrina kendu eta Espainiako bandera jartzeko” exijitzen diete: “Gutunean inposatutako baldintza ez betetzeagatik abuztuaren 26tik aurrera herio mehatxuak aurrera eramango dituztela jartzen du”.
Abuztuaren 8an prentsaurrekoa egin zuten lehenengo gutuna irakurri eta bertan jartzen zituenak salatzeko; bihar, bigarren gutunaren harira beste prentsaurreko bat egingo dute, Elizondon.
“Ez dira gertakari bakanak”
EH Bilduk, “oso mehatxu larriak” direla salatu, eta gaineratu du ez direla “gertakari bakanak”: “Espainiako Estatuak, UPNk eta PPk EH Bilduren eta gure herriaren sektore subiranisten kontra egiten duen eraso sistematikoa da. Alba eta Urkijoren egintzak, legez kanporatzeko mehatxuak, Poliziaren etengabeko presioa, eta, orain, herio mehatxuak”.
EH Bilduko ordezkariek salatu dute alderdiaren jardunaren aurkako erasoa dela: “Denak balio du demokraziaren, subiranotasunaren eta Euskal Herriaren aldaketa sozialaren alde lan egiten dugun sektoreen kontra”.