Heriotza duina arautzeko lege proposamena onartu dute Nafarroan

NaBaik aurkeztutako proposamena Parlamentuko talde guztiek sostengatu dute, UPNk izan ezik

Erredakzioa
2010eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Nafarroako Parlamentuak heriotza duina arautzea helburu duen lege proposamena onartu zuen atzo, UPN ez bertze talde guztien aldeko botoarekin. Ekimena Nafarroa Baik aurkeztutakoa da. Proposamenak eriari informazioa helaraztea eta haren erabakia errespetatzea du ardatz, artatu behar duten profesionalei betebeharrak ezartzearekin batera.

Onartutako testuan ageri denez, bizi-itxaropenaren luzatzeak eta biztanleriaren zahartzeak eritasun kroniko eta sendaezinak dakartza berekin, baina medikuntzako aurrerapenei esker bizitza iraganean «pentsaezina zen mugaraino» manten daiteke. Hori dela eta, eritasun sendaezin bat eta norberaren eta familiaren sufrimendua dagoenean, pertsonaren borondatea eta askatasuna «mantendu» behar dira.

Duintasunez hiltzeko eskubideak eta bermeak arautzea beharrezkotzat jo dute onartutako proposamenean, eria gutxieneko sufrimenduarekin hiltzeko, hurbilekoen ondoan, nahi duen informazioa jasota, sendabideei uko egiteko eskubidearekin, intimitatean eta bizi testamentuan bildutakoa errespetatuz.

Lege «bermatzailea»

Joseba Ezeolaza NaBaiko parlamentariaren iritziz, «unea iristerakoan ongi zainduta, garaiz, bakean, eta luzapen artifizialik gabe era naturalean» hiltzea ahalbidetu nahi dute lege proposamenarekin. «Testu honekin, pertsona jarri dugu erlazio klinikoaren erdi-erdian, bere eskubideen jabetza eduki behar duelako, eta bere prozesua osasun laguntzaileekin batera zuzendu behar duelako». Horretarako tresna nagusiak bizi testamentua eta eriak informazioa jasotzeko eskubidea dira, Ezeolazak azaldu duenez. Heriotza duina eta eutanasia ez direla gauza bera zehaztu du NaBaiko parlamentariak. Haren iritziz, lege proposamenak ez du heriotza bilatzen, sufrimendua saihestea, bizitzaren bukaera gizatiarragoa izatea eta eriaren autonomia errespetatzea baizik.

PSNko Maria Txibite parlamentariak, berriz, erran du Nafarroako ekimenak Andaluziako Parlamentuak (Espainia) onartutako legea izan duela erreferentetzat, «pertsonaren duintasunaren barnean baitago bizitzaren bukaera prozesua ere». CDNko Juan Cruz Allik adierazi du legea «bermatzailea» dela eriarentzat, familiarentzat eta arlo profesionalarentzat sortutako «egoera zaileko» prozesuetan. NEBeko Ana Figuerasek ere CDNren ildo beretik jo du, eta proposatutakoa «bermeen lege garrantzitsua» dela nabarmendu. UPN izan da aurka bozkatu duen talde bakarra. Javier Markotegi parlamentariak azaldu du bere taldearen iritziz legea «premiarik gabekoa» dela. Markotegik dio Nafarroak baduela lehendik ere hil aitzinetik jakinarazitako borondatearen eta informazio klinikoaren inguruko foru legea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.