HERIOTZA DUINA

Heriotza duina arautzeko proposamenari ezezkoa eman dio Espainiako Kongresuak

PPk aho batez alboratu du hilurren diren gaixoei "duintasunez hiltzeko eskubidea" bermatzeko PSOEk aurkeztutako lege egitasmoa. Edukiarekin ados badago ere, PPk ez du beharrezkotzat jo gaiaz eztabaidatzea, autonomia erkidegoek gisa horretako proposamenak onartzeko eskumenak badituztela argudiatuta.

Mina Txikitzeko Unitateko geletako bat, Gurutzetako ospitalean. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS
Oihan Vitoria.
2015eko ekainaren 16a
17:22
Entzun

"Gizarte aurreratu batean, eskubideak herritarren bidelagun izan beharko lirateke jaiotzen direnetik hil arte". Horrela deritzo Jose Martinez Olmosek, PSOEren Espainiako Kongresuko Osasun bozeramaileak. Duintasunez hiltzeko lege proposamena aurkeztu du gaur Espainiako Gorteetan, hilurren diren pazienteek "babes juridikoa" behar dutela iritzita, baina ez da aurrera atera: PPko diputatu orok aurka bozkatuta, eskaria ez da tramitera igaro, eta ezerezean geratu da.

Proposamen sinplea izanagatik, argia, irmoa eta "borondate onez" eginikoa dela ziurtatu du Martinez Olmosek. Atzera bueltarik gabeko kasuetan esku hartzeko ezinbestekoa dela dio: "Ez dago aitzakiarik: mesedez, utzi jendeari duin hiltzen". Proposamenarekin  hilurren diren gaixoei "duintasunez hiltzeko eskubidea" bermatu nahi du PSOEk.

Hilurren daudenen borondatea errespetatzeko eta eztabaida pizteko eskatu du: "Zaila da ulertzea hilurren diren eriei babes juridikoa ematearen aurka egotea, gaixoek euren kabuz erabakitzeari bizkar ematea". Heriotza duinari buruzko eztabaida "eskubideen eta duintasunen" auzia dela uste du PSOEko eledunak. "Min gabe hiltzeko baliabideak egonda, ez da ulergarria aurka agertzea". Martinez Olmosek deritzo Elizaren eta eskuineko sektore atzerakoienen presioak daudela erabakiaren atzean. "Nahikoa da Elizak agintzen jarraitzea halako kontuetan, soilik herritarroi dagokigun gai batean".

"Ezer berririk ez"

Edukiarekin ados badago ere, PPk ez du premiazkotzat jo gaiaz eztabaidatzea, eta kontra bozkatu du. Ovidio Sanchez diputatuak argudiatu du autonomia erkidegoek jada badituzte eskumenak gisa horretako proposamenak onartzeko, eta ez dagoela beharrik PSOEren egitasmoa tramitera bideratzeko. Lasaitasunerako deia egin du, gainera: "Zorionez geroz eta sentsibilitate handiagoa dago Espainian gaiarekiko, eta lehen egon zitezkeen gabeziak estalita daude". Horregatik, "zentzugabea" iruditzen zaio 2012an Leire Pajin Osasun ministroak (PSOE) aurkezturiko proposamen "bera" mahai gainean jartzea. "Zergatik ez zenuten zuek onartu? Ez zenutelako astirik izan? Ziur?", galdetu dio Sanchezek Martinez Olmosi. Ekinaldia hauteskunde kanpainarekin lotu du PPko diputatuak, eta "ezer berririk ez" proposatzea leporatu dio PSOEri.

Martinez Olmosek, ordea, ez du amore eman. Ohartarazi du, lege proposamena tramiterako onartu ez arren, aurki iritsiko dela gaia kezken erdigunean jartzeko istantea. "Gizarte osoaren behar bati erantzuten diolako. Prozesua ezin daiteke gehiago atzeratu. Geroz eta lehenago jarri indarrean, hobeto: ozenago esan dezaket, baina ez argiago".

Oposizioa ados, baina kritiko

Motz geratu ote den sentsazioa du UPDko diputatu Carlos Martinez Gorriaranek. Zaintza aringarriak arautzera mugatzen dela eta eutanasiari buruz eztabaidatzeari izkin egiten diola iritzita, "tamalgarritzat" du lege proposamena. "Zeren zain gaude? Zeren beldur gara eutanasiaren gainean solastatzeari ez ekiteko?", galdetu du. Ildo beretik, "tabuekin" apurtu eta harago jo beharko litzatekeela uste du EAJko ordezkariak, Joseba Agirretxeak: "Bat gatoz egitasmoarekin, baina ez da nahikoa; pauso irmoagoak behar dira. Eta are gehiago diot: berandu gabiltza dagoeneko onartuta egon beharko litzatekeenaz eztabaidatzen".

Agirretxeak oroitarazi du, gainera, PSOEk proposatzen duena aurki egongo dela indarrean Araba, Bizkai eta Gipuzkoan —EH Bilduren ekimenez, tramitean da heriotza duina arautzeko egitasmoa—. "Ez da berritzailea, hortaz, eta ez dakar inolako aldaketarik; oinarrizkoegia da". Kontraesanak ere igarri ditu EAJko diputatuak: "Eusko Legebiltzarrean heriotza duina despenalizatzeko eskakizuna egin du orain gutxi PSE-EEk". Alabaina, eta eutanasiari buruz eztabaidatzea nahitaezkotzat badu ere, oniritzia eman dio PSOEren ekinaldiari, heriotza on batek bizitza guztia ohora dezakeelakoan. "Bizitza ezin daiteke edozein preziotan luzatu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.