Gaixoek "heriotza duina" izatea, hori da gaur Eusko Legebiltzarrak tramiterako onartu duen legearen helburua. Aralarrek aurkeztu du egitasmoa, eta alderdi guztiek onetsi dute.
Bizia arriskuan izanik ere gaixoek esku hartze medikoari uko egiteko eskubidea jasotzen du, besteak beste, Aralarren proposamenak. Hurrengo ikasturtean aztertuko da lege egitasmoa, alderdiek proposatutako zuzenketak eztabaiatuz.
Lege egitasmoak bereizi egiten ditu "eutanasia ekintzak" eta "heriotza duina". Heriotza nahita bilatzea ez, baina heriotza aurreko sufrimentua arintzea da asmoa.
Hiltzear daudenen "heriotza duina" izateko eskubidea bezala, osasun arloko profesionalen betebeharrak ere arautuko ditu testuak. Egitasmoak aurrera egiten badu, profesionalek ziurtatu beharko dute gaixoak erabaki librea hartuko duela, behin informatuta, eta presio beharturik gabe. Gainera, hil hurren dauden gaixoei haiek bakarrik egoteko gelak eman beharko dizkiete ospitaleek.
Adingabeek ezingo dute halako erabakirik hartu, guraso edo tutoreek baizik. Behin 16 urte betez gero, eta gurasoen eta adingabearen artean gatazkarik balego, gaztearen borondatea aintzat hartzea gomendatzen du legegitasmoak.