Txabi Etxebarrieta Guardia Zibilak hildako lehen etakidearen iloba Aitziber Ibaibarriagak eta Xabier Rey espetxean hildako azken presoaren arreba Maite Reyk hartu dute hitza. Haiekin batera, ezker abertzaleko hildako militanteen beste zenbait senitarteko ere egon dira agerraldian, horien artean Peru del Hoyo, iaz kartzelan hildako Kepa del Hoyo presoaren semea. Ibaibarriagak eta Reyk agiria irakurri dute euskaraz eta gaztelaniaz, eta ez da galderak egiteko tarterik izan.
"Ez dugu sufrimenduaren aldarririk egiten, sufrimendua ez delako gure ezaugarri", azaldu dute senideek. baina isiltzeko asmorik ere ez dutela erantsi dute: "Sufrimendu hori isilarazi nahi baitigute, eta guri sufriarazi digutela eta sufriarazten digutela ez dute onartzen, ez dute aitortzen".
Xabier Rey "gatazkaren azken hildakoa izatea" espero dutela esan dute, baina "zoritxarrez" horretarako bermerik ez dagoela ohartarazi dute. Emozioa nabari zen prentsaurrekoan, eta agerraldia bukatutakoan malkotan atera da gelatik Rey.
Larunbatean Bilboko Miribillan egitekoak diren ekitaldirako deia egin dute: "Guztion itxaropen horren baitan, gure maiteen ametsak eta ilusioak denon artean batuta berpiztu nahi ditugu larunbatean", azaldu dute. Baietza Sortzen lelopean egingo dute ekitaldia, 17:30ean hasita. "Sufrimendurik gabeko etorkizun hobe bat" aldarrikatu nahi dute.