Hernaniarrak Zainketa Intentsiboko Unitatean ingresatuta jarraitzen du, "oso larri". Asteazkeneko zazpigarren entzierroan gertatu zen ezbeharra; korrikalari batek bultzata lurrera erori, eta El Pilar ganadutegiko zezenetako bat gainera erori zitzaion.
Momentuan bere kabuz altxa zen, eta larrialdi zerbitzuek zituen zauri arinak sendatu ostean bere lagunekin elkartu zen betiko modura. Gero ondoeza sentitzen hasi zen, eta senide bati deitu zion bere bila joan zedin. Donostiako ospitalera jo zuten eta ordutik ingresatuta dago.
Ohitura handiko korrikalaria da 47 urteko hernaniarra. 25 urte daramatza entzierroetan korrika, eta Estafeta amaieratik Telefonikara doan zatian ezaguna da korrikalarien artean.