Politika

Hernaniko alkatea deklaratzera deitu du Grande Marlaskak, parke baten izena dela-eta

Parkeak Jose Manuel Ariztimuño ETAko kidearen goitizen bereko izena duelako kereila sartu zuen Dignidad y Justicia elkarteak, baina fiskalak hori artxibatzeko eskatua zion epaileari. Marian Beitialarrangoitiak ekainaren 2an joan beharko du Espainiako Auzitegi Nazionalera.

2008ko maiatzaren 12a
17:27
Entzun
Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak ekainaren 2rako deklaratzera deitu du Marian Beitialarrangoitia Hernaniko (Gipuzkoa) alkatea, herri horretan dagoen Pana parkearen izena dela-eta -Jose Manuel Ariztimuño ETAko kidea izan zen, eta Pana goitizena zeukan-. Dignidad y Justicia elkarteak Beitialarrangoitiaren kontrako kereila sartua du, "terrorismoa goretsi" egiten duelakoan. Gudarien Enparantzako plaka kentzeko ere galdegin zuen.

Apirilaren 8an kereila hori artxiba zezala eskatu zion Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Grande Marlaska epaileari. Izan ere, fiskalak zioenez, Hernaniko Udalak plazari izen hori jarri zionean, Beitialarrangoitia ez zen Udaleko kide eta, beraz, ez zuen erabakian parte hartu. Grande Marlaskaren ustez, baina, Beitialarrangoitia parkeak izen hori edukitzearen "erantzule" da, gaur egun bera delako alkatea.

Ariztimuño (Hernani, 1956-Gasteiz, 1981) 1981eko martxoan Gasteizko Florida parkean izandako tiroketan hil egin zuten zibilez jantzitako 30 bat polizik. 1982an osoko bilkura berezi batean onartu zuen Hernaniko Udalak parkeari 'Pana' izena jartzea. 1981eko ekintza "benetako segadatzat" jo zuten orduan herri erakundeek. Artean parkea eraikuntza lanetan zegoen.

Iazko udal hauteskundeetan EAE-ANVtik aurkeztu zen Beitiarralangoitia. Ino Galparsoro Arrasateko (Gipuzkoa) alkatea ere ANVtik aurkeztu zen, eta Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak kartzelan sartu zuen joan den apirilaren 30ean, ETArekin harremana duelakoan. Egun berean Madrilera joan zen Galparsoro, deklaratzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.